2018rako aurrekontua proposatuko du Udal Gobernuak gaur iluntzean

Ubane Madera 2017ko abe. 19a, 11:12
Urriko osoko bilkurako une bat.

Osoko bilkura garrantzitsua egin behar du gaur iluntzean udalbatzak; 12 puntuko gai zerrendaren baitan, besteak bete, datorren urteko aurrekontu proposamena izango dute aztergai udal ordezkariek. 19:00etan hasiko da osoko bilkura, eta batzarrak izaera publikoa duenez, interesa duen edozein bertara daiteke.

Halakoetan ohi den moduan, aurrekontua lantzeko erabili dituen irizpideak azalduko ditu Udal Gobernuak, zeintzuk diren lehentasunak eta horren baitan, datorren urterako inbertsio nagusien berri emango du.

2018rako aurrekontuaz gainera, datorren urterako aurrekontuaren exekuzio-araua, 2018ko lan-talde organikoa eta 2018ko lanpostuen zerrenda ere izango dute aztergai udalbatzarrean.

Eta jakina, oposizioak, bere aldetik, proposamenaren gainean duen irakurketa azalduko du.

Kiroldegi zerbitzua

Horrekin batera, besteak beste, Soraluzeko zerbitzu garrantzitsu baten esleipenaren berri emango dute: udal kiroldegia ze enpresak kudeatuko duen datozen urteotan. Gaur egun 900 bat bazkide ditu Soraluzeko kiroldegiak.

Eta beste pare bat gai aipatze aldera, Udal Gobernuak jakinaraziko du Errekalde kaleko etxe baten jabetza eskuratu duela, bertako jabeek erakundeari egindako lagapen bitartez; eta lursail baten erosketaren berri ere emango du: Idoi-Azkabeitiaburua izeneko lursaila da Soraluzeko Udalak erosi duena, hain justu.