Kontzertu indartsua, 25. urteurrena borobiltzeko

Ubane Madera 2017ko abe. 17a, 11:42

Kantu ezagunak, euskaldunak, pelikuletakoak, martxosoak, lasaiak, Gabonetakoak… denetarikoak eskaini zituzten atzo iluntzean Ezoziko Ama Abesbatzak eta Elgoibarko Udal Bandak kiroldegian. Emaitzak indarra transmititu zuen, eta frontoia ia bete zuten ikusleek txaloekin eta zutik eskertu zuten egindakoa. Kontzertu horrekin borobildu du Soraluzeko abesbatzak amaitzear duen 25. urteurrena. 

Hain justu ere, orain dela 25 urte, Soraluzeko abesbatzaren aurreneko pausoetan jendaurrera salto egiteko bidelagun izan zituzten lagun berberak ondoan izan zituen Ezoziko Ama Abesbatzak, oraingo honetan ere, ospakizun berezirako: Elgoibarko Udal Musika Bandako musikariak.

Agerikoa izan zen bi taldeen arteko harreman ona, taula gainean zein musikalki. Eta indar hori eta elkar-osatze hori transmititu zioten kiroldegian elkartu ziren ikusleei, herritarrak gehienak baina batzuk Eibartik zein Elgoibartik ere etorritakoak.  

Hunkituta

Errepertorioak kantu anitzak izan zituen: arinak, dantzagarriak, hunkigarriak, kantatzeko gonbita egiten zituenak… eta zela ez, Gabonetakoak ere bai. Hain zuzen, data kontuan hartuta, errepertorioan ez zetorren kantu batekin bukatu zuten atzoko jarduna: Hator Hator.

Eta musikalki, berriz, ondo antzeman ziren horrenbeste astetako entseguek emandako fruituak; herritar batek baino gehiagok aipatu zuen oilo-narrua atera zitzaiola tarteka, emozionatuta.

Gorka Mujikak, Elgoibarko Musika Bandaren oraingo zuzendariak gidatu zuen musika saioa; aurkezpenak, berriz, Txomin Mujikaren, orain dela gutxira arte bertako zuzendari izandakoaren ardurapean egin ziren, bikain egin ere.

Esker-ona

Ezoziko Ama Abesbatzak, bestalde, kontzertuaren amaiera aprobetxatu zuen esker-ona helarazteko. Ordezkari bakoitzari oroigarri bana emanez, Soraluzeko EAJri (Batzokia lagatzearren), Kooperatibari, Soraluzeko Udalari, Elgoibarko Udal Bandari eta abesbatzako zuzendari Silvia Hernandezi helarazi zieten, hain zuzen ere, esker-on hori.

 

 

Erlazionatuak