Handitzen doa bigarren eskuko produktuen azoka

Ubane Madera 2017ko abe. 16a, 15:01

Saltoki eta produktu gehiagorekin gauzatu da gaur goizean bigarren eskuko produktuak saldu eta trukatzeko azoka. Jantziak, oinetakoak, jostailuak, liburuak, etxerako apaingarriak… erosteko edo trukatzeko aukera izan da. 11 pertsona-elkartek parte hartu du ekimenean; horien artean Soraluzeko Institutuak, errefuxiatuendako dirua batzeko helburuarekin.

Plaza Zaharreko karparen babespean egin da berrerabilpena bultzatzea helburu duen azoka; saltzaileak bertan izan dira 10:00etatik 14:00ak arte, produktuak erakutsi, saldu eta trukatzeko gertu.

Produktuak denetarikoak, eta prezioak ere bai; hori bai, azken horiek merketik gehiago izan dira. Adibide batzuk aipatzearren: kamisetak euro batean, panpinak ere bai, prakak bi euroan, bi liburu bost euroan, etxerako apaingarriak euro batean… halakoetan ohi den moduan, berokiak eta oinetako jakin batzuk izan dira preziorik altuena zutenak, baina horiek ere baxu samarrak.

Errefuxiatuendako

Saltzaileen artean, berriz, gehienak herritarrak izan dira; eta bestelako urte batzuetan moduan ere, Institutuko ordezkaritza izan da azokan, jantzi mordoxkarekin.

Azken horiek batu duten dirua Siriatik Greziara joandako errefuxiatuei laguntzeko emango dute, Hotz Oñati Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez bideratuta. Kontatu dutenez, kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuetako batzuek Grezian etxeetara eramaten laguntzeko baliatuko du dirua Hotz Oñatik. “Bakarrik bizi diren seme-alabak dituzten emakumeak, hardun daudenak, gaixoak, adinduak eta beste egoera batzuetan dauden Greziako errefuxiatuendako etxebizitzak alokatzen laguntzeko, Himaya delako proiektuarekin bat egingo dugu”, zehazten dute.

Eta udaberri-udan?

Azokaren emaitzari dagokionez, berriz, oro har gustura geratu dira parte-hartzaileak. Salmenta “poliki baina ondo” joan dela, adierazi dute hainbatek.

Eta erosleak ere, poliki-poliki joan dira saltokiak bisitatzen, eta udan halako beste bat ea ezin den egin galdetu duenik ere izan da.