Kontzertu handia eta berezia izango da bihar kiroldegian

Ubane Madera 2017ko abe. 15a, 16:34
Ezoziko ama Abesbatza, azaroko kontzertuan.

60 bat lagun elkartuko da bihar, zapatua, kiroldegian, kontzertua eskaintzeko: Ezoziko Ama Abesbatzako 25 kideak gehi Elgoibarko Udal Musika Bandakoak. Kontzertu ikusgarria izango da, beraz, eta landua ere bai, entseguetan buru-belarri dabiltza-eta bi musika taldeak. Gaur, barikua, dute azkena. 

Bihar, zapatua, 20:00etan hasiko da Ezoziko Ama Abesbatzaren 25. urteurrenaren baitan egingo duten azkeneko kontzertua. “Musikalki berau da bereziena”, adierazi zuen Ane Ugaldek, abesbatzako kideak.

Berezia da hainbat arrazoirengatik. Batetik, Ezoziko Ama Abesbatzak bere ibilbidearen hasieran jendaurrean eskaini zuen lehen kontzertua Elgoibarko Udal Musika Bandarekin izan zen, beraz, orain dela 25 urteko erretratua errepikatuko dute bihar.

Kantuak

Berezia da, baita ere, ezohiko lanketa egiten dihardutelako bi musika taldeek biharko kontzertua prestatzeko.

Eta berezia da, errepertorioa bera ere ezohikoa delako:  

  • Lord Tullamore, Carl Wittrock-ena
  • Dry Yours Tears, Afrika, Jhon Williams-ena
  • A Concert Celebration, Andrrew Lloyd Webber-ena
  • Txoria txori, Iñaki Urkizurena
  • Lau Teilatu, Iñaki Urkizurena

Kontzertua akustikoki ondo entzun dadin, gainera, kiroldegiko frontoia egokitu egingo dute. Bost euroko sarrera ordaindu behar da.