Goya sarietarako 13 hautagaitza eskuratu dituen ‘Handia’, gaur Soraluzen

Ubane Madera 2017ko abe. 14a, 11:42
'Handia' pelikulako fotograma bat.

Geroago eta sonatuago bilakatzen dabilen filma ikusteko aukera izango da gaur Soraluzen, 21:00etan, Ostegunetako Pelikulak zikloaren barruan: Handia. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduta, Altzoko Aundiya-ren, Migel Joakin Eleizegiren istorioa kontatzen du pelikula horrek, 1843. urtean kokatuta. Dagoeneko berau da Goya sarietarako film faboritoa, 13 hautagaitza eskuratu ditu-eta. 

Besteak beste, pelikula onenaren, zuzendari onenaren, aktore berri onenaren, jatorrizko musika onenaren, jatorrizko gidoi onenaren, argazki zuzendaritza onenaren sariak eskura ditzake Handia filmak. Otsailaren 3an argituko da emaitza.

Ikusle gehien

Horrez gainera eta edozein modutan, azpimarratu beharra dago azken urteotan zinema-aretoetan ikusle gehien izan dituen euskarazko pelikula dela berau, urriaren 20an estreinatu zutenetik 90.000 ikusle pasa erakarri ditu-eta.

Bestalde, sariak ere poltsikoratuta ditu euskarazko film horrek, besteak beste, Zinemira Saileko Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia, biak ala biak, Donostiako aurtengo Zinemaldian.

Euskal Herrian grabatutako pelikula da 'Handia'. Iaz grabatu zuten, besteak beste, Zestoan, Zumaian eta Zarautzen.