Egutegia eta erakusketa, bertako eta bertakoen argazkiekin

Ubane Madera 2017ko abe. 14a, 09:44
Iñaki Etxabe harakina, egutegia erakusten.

Urtarrilaren 31ra arte daude eskuragai Kontrargi kolektiboak ateratako 2018ko egutegiak. Herriko hainbat saltoki-tabernatan daude salgai, bi euroan. Bestalde, martitzenean zabalduta, abenduaren 30era bitartean ikusgai da soraluzetarrak protagonista dituen argazki-erakusketa.

Egutegiari dagokionez, halako 650 ale argitaratu eta salgai jarri ditu Kontrargi Argazki Kolektiboak herriko honako lekuetan: Etxabe, Marimar eta Iñarra harategietan; Mendizabal eta Bolintxo okindegietan; Asigor tabernan eta Iratxo gozo-dendan eta Arzelus dendan.

Fernan Oregik, Jokin Ruizek, Alberto Arizagak eta Mikel Valerok atera dituzte egutegia osatzen duten argazkiak, hilabete bakoitzarekin bat datorren irudia erretratatuz; beti ere, herriko kontuak oinarri.

Urtarrilaren 31ra arte erosi ahal da egutegia, orduantxe batzen dituzte-eta saldu ez direnak Kontrargiko kideek.

Soraluzetarrak erakusketa-gelan

Erakusketari dagokionez, berriz, Ernabide, Gregorito eta Alberto, Irati… halako eta bestelako izen propioz osatuta dago, herritarrak eurak dira-eta erakusketa gelan dauden 30 argazkietako protagonistak. Martitzenean zabaldu zuten, eta dagoeneko izan ditu aurreneko bisitariak.

Lan-egunetan 19:00etatik 20:30ak arte ikus daiteke Jendea erakusketa, eta zapatuan, 12:00etatik 13:30ak arte.