Erreleboa hartuta, ipini dute Jaiotza Atxolinen

Ubane Madera 2017ko abe. 13a, 11:04

Berokiak eta guardasolak aldean zituztela, lokatzari, euriari eta elurrari aurre eginez, txandaka bizkarrean eramanda igo zuten Atxolinera Jaiotza. Kontu handiarekin ipini zuten berau bertako buzoiaren aldameneko haitzean. Erreleboa hartuta, talde berria arduratu da zeregin horrekin aurten. Irudiak: F. Oregi eta A. Mayo.

Belaunaldi aldaketa gauzatuz ipini zuen herritar talde batek Jaiotza Atxolinen, zapatuan. Niko Mendia, Miren Mendia, Oiher Arantzeta, Andoni Calles, Ander Garitano, Jon Ugalde, Fernan Oregi, Aitor Elizburu eta Iñaki Larrañaga arduratu dira aurten zeregin horretaz, gaurdaino zeregin hori bete dutenei erreleboa hartuta. Bapo bazkalduta borobildu zuten eguna, egindakoarekin gustura asko.

Urkia Zelaiko bazkideek

Urkia Zelaiko bazkideek bultzatu zuten Atxolinen Jaiotza ipintzeko ekimena, eta haiek eta haien gertukoak arduratu dira orain arte zeregin horretaz; Alberto Garitanok egokitu zuen Jaiotzarendako etxola.

Izen batzuk aipatze aldera, urtetan honakoek ipini izan dute Jaiotza Atxolinen: Pedro Elizburuk, Mikel Valerok, Jacinto Bruña zenak, Juanito Urresti zenak, Alberto Sodupe zenak, Estanis Rodriguezek, Jesus Alvarezek, Jesus Arruabarrenak, Isma Peñalbak, Luis Urizarrek eta Manolo Badiolak, esaterako. 

Erlazionatuak