Aldarrikapena jai giroan eraman zuten Parisera, baita soraluzetarrek ere

Ubane Madera 2017ko abe. 12a, 14:04

Trenez batzuk, autobusez beste batzuk eta automobilez ere bai, Parisen bat egin zuten 20 soraluzetar baino gehiagok asteburuan. ‘Bakea Euskal Herrian. Orain presoak’ leloarekin, euskal presoen eskubideak aldarrikatu zituzten, 11.000 lagun inguru izan zituen mobilizazioan.

Bariku iluntzean abiatu ziren batzuk, zapatu goizaldean beste batzuk eta asteburu luzea bertan egin zuenik ere bada.

Urtarrilean, Bilbon

Guztiek ere bat egin zuten Bakearen Artisauen deiarekin, eta Parisen zapatuan egindako manifestazioan parte hartu zuten, hiru aldarrikapen babesteko, bakegileek Parisen plazaratu zituztenak, alegia: euskal presoek bizi duten salbuespen egoera salatu eta behin betiko amaitzeko eskaera. Espainiako eta Frantziako legeek gaixo dauden presoak aske uztea ahalbidetzen duela gogoraraztea, eta horretarako urratsak egiteko eskatzea; eta bake prozesuan parte hartzeko eskatu zioten Madrili, eta eskaera horretan eragiteko, urtarrilean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin zuten.

Aurreikuspenen arabera, 5.000 lagun espero zituzten Parisen, beraz, 11.000 lagun bertaratuta, antolatzaileak oso gustura daude emaitzarekin.

Eta bertan izan ziren soraluzetarrak ere gustura bueltatu ziren Frantziako hiriburutik; bidaia luzea eta neketsua izan arren, “aldarrikapena jai giroan, oso ondo” joan zela azpimarratu dute; “bertako jendea ere galdezka” ibili zitzaiela. Eta antolakuntza oso ona izan zela ere nabarmendu dute.