Kanpoko eta barruko ateak apurtuta sartu dira Gila tabernan

Ubane Madera 2017ko abe. 11a, 15:10
Gila tabernako hesia eta barruko atea, apurtuta.

Lapurreta egin dute goizaldean Gila tabernan. 04:45ean alarmak jo duenean izan du gertakariaren berri Ertzaintzak. Besteak beste, diru-makina bera eraman egin dute, eta apustu makina indarrez zabaldu. Gertakaria ikertzen dabiltza orain.

Kanpoko hesia indarrez apurtu, barruko ateko kristala jota txikitu eta Gila tabernara lapurrak sartu dira goizaldean. 04:45ean jo du alarmak, eta horri esker izan du lapurretaren berri poliziak; baina hortik gutxira isildu egin da alarma, taberna barruan zeudenek haren kableak ebaki egin dituzte-eta.

Makinetako dirua

Polizia etorri bitartean, lapurrek tabernako diru-makina eraman egin dute (Loralden azaldu da gerora) eta besteak beste, apustuak egiteko Kirolbet-en makina bortxaz zabaldu dute, bertako dirua eramateko asmoarekin.  

Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, salaketa jarrita dago, eta Ertzaintza bertan egon da, frogak-eta batzen. Edozein modutan, eta kaleko zurrumurru batzuek kontrakoa dioten arren, oraingoz ez dute inor atxilotu lapurretarekin lotuta.

Bestelako gertakari bat

Izan ere, 05:00ak aldera beste gertakari bat izan da inguruan, Atxuri kalean. Besteak beste, eta istripu bat tarteko, pertsona bat artatu behar izan dute, eta anbulantzian eraman. Hainbatek gertakari hori lapurretarekin lotu dute, baina Segurtasun Sailaren esanetan, batak ez dauka bestearekin zerikusirik.