Gaizka Azkarate: "Txapelketako bertsoak inoizko zabalpenik handiena izan ari dira sare sozialetan"

Egoitz Unamuno 2017ko abe. 11a, 08:46
Grabazio mahaian, Lander Garro gidoigilearekin eta Felix Irazustabarrena bertsozale elkarteko kidearekin.

Gaizka Azkaratek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio guztiak jarraitu ditu aurten. Izan ere, bere lana izan da bertsoaldiak grabatzea, editatzea eta Bertsoa.eus atarian publikatzea. 

Noiz batu ziren bertsolaritza eta Gaizka?   

Iaz, Bertsoa.eus platafomak lan-deialdi atera zuen ikusentzunezkoetan jarduteko pertsona bat behar zutela eta; aurkeztu egin nintzen eta hartu egin ninduten. Lehenengo lan egunean Arabako txapelketako finalera bidali ninduten eta finalistak elkarrizketatu behar izan nituen.   

Zuzenean lehen lerrora. 

Bai, hasiera hasieratik bidali ninduten erridikulua egitera, inprobisatzera, bertsolarien moduan (Barreak). Nire lana da saioak grabatzea, editatzea eta Bertsoa.eus atarian publikatzea. Bertso-mundua barrutik ezagutu duzu hilabeteotan.

Zer iruditu zaizu deigarria? 

Inpresionatu nau zenbat jende mugitzen duen bertsolaritzak, zenbat saio antolatzen diren eta zenbat bertsolari dauden. Saio batera joan eta frontoian mila pertsona ikustean konturatzen zara afizio handia dagoela.   

Adinarena da harritu nauen beste kontu bat. Beharbada bertsolaritza urrunagotik ezagutzen duten askok pentsatuko dute mugimendu karka samarra dela, eta saioetara kopa eta purua hartzen duen jendea bakarrik joaten dela; ez da horrela, bertsolaritzak gaur egun jende gazte asko mugitzen du. 

Aldatu zaizu bertsoa bizitzeko modua?   

Bai. Lehen bertsoa entzuten nuen baina ez nion arretarik jartzen. Orain, bertsoa ulertu egiten dut. 

Bertsozaletu egin zara. 

Bai. Ez naiz bertsoaren frikia, baina orain bertsoa interesatzen zait. Hilabeteotan ezagutu ditut estilo ezberdinetako bertsolariak, doinuak, bertsozaleak eta abar. Mundu entretenigarria da bertsolaritza eta gizatasun handiko jendea topatu dut bertan.   

Eta txapelketa, zela bizi izan duzu?

Txapelketa ezberdina da ohiko saioengandik. Lehia dago, tentsioa, espektatiba handiak eta saio bakoitzean mila lagun edo bi mila. Guretzako ere presioa da, gu ere ikuskizunaren parte sentitzen garelako. Aurten, gainera, bertsozale elkarteak erabaki du komunikazioan ahalegin berezia egitea zuzenean emitituz, egunean bertan sare sozialak elikatuz, ETB1n dibulgazioko programa eginez (Aulki Jokoa) Nahi dute normalean bertsolaritza iristen ez den herritarrengana heltzea.   

Eta lortu da helburu hori? 

Bai. Bertsoaldi batzuek inoiz ikusi gabeko zabalpena izan dute aurten Facebooken eta Wathsapean: Maialen Lujanbioren bakarkakoa, Maialen Arzallusen agurra... Hori gertatzen da saioa amaitu eta minutu gutxira bertso horien irudiak sarean jartzen ditugulako oso kalitate onarekin.   

Zabalpen horrek balio du bestelako jendea engantxatzeko eta euskaldunen artean txapelketa fenomeno sozial bihurtzeko. Horren atzetik sekulako komunikazio lana dago eta oso intentsua, azkar lan egin behar delako. 

Domekan izango da finala. Zein da zure faboritoa txapela janzteko? 

Nire faboritoa Beñat Gaztelumendi da, nire lankidea eta laguna. Dena den, aurten inoiz baino irekiago dago kontua eta edozeinek irabaz lezake.