Aitor Gabilondo eta Nerea Torrano: Soraluzetik Pintora

Ubane Madera 2017ko abe. 9a, 09:00

Nerea Torrano eta Aitor Gabilondo.

Aitor Gabilondo eta Nerea Torrano (biak Soraluze, 1976) Madrildik 20 kilometrora dagoen Pinto hirian bizi dira, 1999az geroztik. Leire eta Nahia, 8 urteko alabekin bizi dira bertan, lanbidea tarteko. 

Zela bukatu zenuten Pinton?
Ikasketak bukatzean beka bat lortu nuen (Aitorrek)  hegazkin-konpainia bateko zentralean lan egiteko, eta horrela etorri ginen. Orain biok gaude lanean, Nerea bidaia-agentzia batean lan murrizketarekin umezaintza dela medio, eta ni finantza entitate batean.

Zelakoa da Pintoko bizimodua?
Pinto Eibarren antzerako hiri bat da eta Madril baino askoz lasaiagoa. Umeentzat parke eta jolastoki nahiko dago. Bertoko jendeak harrera ona egin digu. Madrilen etorkin asko bizi da eta harrera ona egiten dite normalean.

Alabak gaztelaniaz heziko dituzue han, baina familian zela konpontzen zarete?
Etxean euskaraz hitz egiten saiatzen gara, eta larunbatero Madrilgo Euskal Etxean bi ordutako eskolak dituzte andereño batekin. Euskara ondo ulertzen dute baina hitz egitea gehiago kostatzen zaie.
Hori bai, eskolako lagunei euskarazko hitzak erakusten dizkiete.

Sentitzen duzue herriminik?
Herrimina sentitzen da hangoak garelako eta familia eta lagunak faltan botatzen ditugulako. Hala ere, hemen lagun onak ere baditugu.

Zer da hango bizimodutik gehien gustatzen zaizuena?
Aisialdirako aukera asko dago eta urteko egun gehienetan eguzkia dago.

Zer eraman-esportatuko zenukete?
Euskal Herritik hona itsasoa eta hemendik hara baliteke eguraldia edo eguzkia.

Gaztañerren egon zineten, ezta? Sarri etortzen zarete Soraluzera?
Bai ohitura dugu azokara urtero joateko, behin ezin izan ginen joan elurra zegoelako bidean.
Normalean hilean behin joaten saiatzen gara, hala ere umeekin gero eta aktibitate gehiago ditugu hemen eta askotan ezin. Hala ere, umeak beti daude joateko prest hango lagunak eta senideak ikusteko.

Noizbait bueltatuko zarete hona?
Baliteke, nork jakin ...