Soraluzeko herritarrak erretratutan

Ubane Madera 2017ko abe. 8a, 12:01
'Jendea' erakusketaren kartela.

Soraluzeko herritarrak protagonista dituen argazki erakusketa zabaldu behar dute datorren martitzenean, Kultura-guneko erakusketa gelan: Jendea. Kontrargi Argazki Kolektiboaren eskutik, Fernan Oregiren, Mikel Valeroren eta Alberto Arizagaren argazkiek osatutako erakusketa da. 

30 argazkiz osatutako erretratu-sorta da Jendea izenekoa, hiru argazkilarik ateratakoak: Fernan Oregik, Mikel Valerok eta Alberto Arizagak. Bakoitzaren hamarna argazkirekin osatu dute erakusketa. Argazkietako protagonistak, berriz, soraluzetarrak, herritarrak eurak dira, urtean zehar eta urtebete lehenago ateratako argazkietan azaltzen direnak, hain justu. Denetik erretratatu dute, nagusiak, umeak eta helduak.

Eskuratzeko aukera

Abenduaren 12tik abenduaren 30era bitartean izango da ikusgai erakusketa. Lan egunetan, 19:00etatik 20:30era eta zapatuetan 12:00etatik 13:30era.

Gainera, norbaitek erakusketako argazkiren bat eskuratu nahiko balu, argazkilariarekin berba egiteko aukera izango du.

Soraluzeko Kontrargi Argazki Kolektiboak antolatutako erakusketa da hauxe.