Batzar informatiboari dagokionez, bilketa sistemaren aldaketak azaltzeko, bihar, martitzena, hitzaldia emango dute 18:30ean, Soraluzeko kiroldegian. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak eta Soraluzeko Udalak gonbita egin diete herritarrei bertan parte hartzeko.
Bestalde, abenduaren 21etik abenduaren 26ra bitartean ipiniko dituzte edukiontzi berriak Soraluzen. Gris kolorekoak izango dira, errefusa batzekoak, eta txip bitartez funtzionatuko dute. 26 halako ekarriko dituzte, 17 edukiontzi 2.200 litrokoak eta beste bederatzi 1.000 litrokoak.
Derrigorrez sailkatuta
Behin guztiak ipinita, soraluzetarrok sailkatuta eraman beharko ditugu hondakin guztiak edukiontzietara, derrigorrez, besteak beste, edukiontzi berdeak, gaur egun hondakin orokorrak batzeko erabiltzen direnak kendu egingo dituztelako.
Hondakinak batzeko udalerriko puntuetan, beraz, abendu amaieratik aurrera izango dira honako edukiontzi motak: urdinak (papera eta kartoia batzeko), horiak (enbaseak batzeko), marroiak (organikoa batzeko) grisak (errefusa batzeko) berdeak (kristala batzeko) eta zenbait puntutan baita zuriak ere, arropak batzeko. Lur azpiko edukiontzien funtzionamendua da aldatuko ez den bakarra, merkatuan ez dagoelako horiek erabiltzeko txartelik.
Informazio gehiagorako, herritarrek 900 10 49 23 doako telefono zenbakia dei dezakete.