Olentzerorendako eta Mari Domingirendako aterpea, gertu

Ubane Madera 2017ko abe. 7a, 15:02
Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola, muntatuta.

Muntatuta dago Olentzerok eta Mari Domingik Gabonetan Plaza Berrian egoteko erabiltzen duten etxola dotorea. Egunotan egin dute zeregin hori udal langileek, eta gertu laga dute datorren astean dena apaindu eta bi lagunak gozo-gozo hartzeko.

Beste urte batez, beraz, kale egin barik eramango dituzte Olentzero eta Mari Domingi Plaza Berrira, hantxe egon daitezen Gabon jaietan, herriaren zaindari eta herriko neska-mutikoen gozamenerako.

Gabonetako zuhaitza, Mendi Gainetik

Haien ondoan, ohi moduan, Gabonetako zuhaitza ipiniko du Udalak. Izeia izango da, 3-4 metro luze dena eta Mendi Gainetik ekarriko dutena. Berez, bertan egon beharra zuen dagoeneko, baina joan den asteko elurteak eragotzi egin du hori horrela izatea.