Esker ona, bihotz-bihotzez

Ubane Madera 2017ko abe. 7a, 11:38

Mesedeetako egoitzako bizilagunek barru-barrutik adierazi zieten esker ona musu-truk eta borondaterik onenarekin bisitan eta laguntzen joaten zaizkien elkarteei eta norbanakoei. Boluntarioen Eguna baliatu zuten horretarako. Gurutze Gorria, Alkarri eta Nagusilan elkarteen eta partikularren ordezkariek jaso zuten aitortza.

Aurreskua dantzatuz, egoitzaren grabatua opari modura emanez (Lorea de Castrok egindakoa) eta batez ere, berbaz eta txaloz eskertu zieten egoitzako bizilagunek boluntarioei euren eskuzabaltasuna.

Egoitzara urtero joaten diren boluntarioen ordezkari moduan bertaratu ziren Nagusilan, Gurutze Gorria eta Alkarri elkarteetako ordezkariak; baita herritar partikular bat ere. Eta bertan egon ez arren, gogoan izan zituzten, baita ere, urtean egoitzara bisitak egitera joaten diren bestelakoak: abesbatza, eskolako neska-mutikoak, dantzariak…

"Denbora laburrago"

Egoiliarrak “gogotsu” egoten dira boluntarioen bisita hartzeko; boluntarioak bertaratzen direnean “denbora laburrago joaten” zaiela eta boluntarioekin ezin gusturago egoten direla azpimarratu eta adierazi zieten, besteak beste.

Hain justu ere, urtean egindako hainbat ekintzen argazkiekin murala osatu zuten, boluntarioen eskuzabaltasun horren adierazle: txangoak, dantzaldiak, Gaztañerreko azokara irteera, bingoa… eta abar luzea egiten dituzte, hain zuzen, haien laguntzarekin.

"Ahal dugun bitartean"

Horrekin batera, hainbat egoiliarrek, mikroa eskuetan, hitz hunkigarriak irakurrita adierazi zieten boluntarioei euren aldetik jasotzen duten aberastasun guztia.

Boluntarioek, euren aldetik esan zuten, eman baino, eurek jaso egiten dutela halako bisitei esker, aberatsago direla. “Ahal dugun bitartean, etorriko gara”, esanez bukatu zuten martitzeneko ekitaldia.