Kultura bonuak: 20 euro ordaindu eta 12 gehiago gastatu

Ubane Madera 2017ko abenduaren 4a

Kultura bonua 2017.

Gaurtik, abenduaren 4tik urtarrilaren 15era bitartean erabilgai izango dira Gipuzkoako Diputazioak bideratutako kultura bonuak. Soraluzeko kasuan, bi saltokitan eskura daitezke: Iratxo gozoki-dendan eta Tabako-dendan. 20 euro ordaindu eta 12 edo 8 gehiago gastatzeko aukera ematen dute. 

Liburuak, diskoak zein DVDak erosteko aukera ematen dute kultura bonuek. 20 euro balio ordainduta, bi motakoak daude: euskarazko produktuak erosteko eta gainontzeko hizkuntzetakoak erosteko.

Euskarazko produktuen kasuan, kultura bonoa erabilita, 12 euroko hobaria eskuratuko du erosleak; eta gainontzeko hizkuntzetako produktuen kasuan, berriz, 8 euroko hobaria. Bestela esanda, 20 euro ordaindu eta 12 edo 8 euro gehiago gastatu ahalko dira.

BEZ kulturalari aurre

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da berau, Denis Itxasok, Kultura diputatuak esplikatu duenez, konpentsazio modura bideratutakoa: “Herritarrei konpentsatu nahi diegu oraindik jasaten duten BEZ kulturalaren zerga-gehiegikeriarengatik, kultura luxuzko objektutzat hartzen baita premia biziko ondasuntzat hartu beharrean”.     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.