plaentxia.eus

Serie bat filmatzeko aukera eskaintzen du Next Station lehiaketak

  Kultura

Next Station plataformak ideien lehiaketa bat antolatu du. Edonork har dezake parte lehiaketan; nahikoa da proposamenaren bideo bat bidaltzea abenduaren 15a baino lehen. Proiektua 2018an filmatuko da eta euskaraz izango da.

Next Station ikus-entzule berriei bideratutako ikus-entzunezko formatu berriak sortzeko laborategia da. Hala, Next Station plataformak deialdi bat egin du euskal sortzaileak erakartzeko. Euskarazko lehen serie digitala ekoiztea da asmoa, azken-azkeneko teknologia erabiliz gainera, 4K ultra-bereizmena. Proiektu honen bidez seriearen denboraldi oso bat filmatzea da xedea, 6 kapitulu guztira. Antolatzaileek "formatu original eta berritzaileak" bilatzen dituzte, horregatik ideia guztiak dira ongietorriak eta edonork har dezake; profesionala izan ala ez. 

Aurkezten diren proiektu guztietatik hiru aukeratuko dira beka baten bidez prestakuntza jasotzeko, eta azkenik, horietako batek lortuko du ametsa bete eta serie bat filmatzea.

Luis Berasategik, BBFko zuzendariak eta MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko ikertzaileak, sortu du Next Station plataformarako lan-metodologia. Prestakuntza-ibilbide berritzaile horren bidez hiru sortzaile horiek aukera izango dute beren proposamenak ekoizpen arineko dinamikekin fintzeko, ideiaren bilakaera sare sozialetan testatzen duten bitartean. 

Ikus-entzunezko laborategi horren asmoa da sortzaileei laguntzea prototipoak egiten, ikus-entzunezko formatuak lantzen, narrazio-molde eta teknologia berriekin esperimentatzen eta ideia berritzaileak nazioartera eramaten. Ondoren, hautatuek aukera izango dute Next Station plataformaren kalitate-zigiluarekin nazioarteko merkatuetara jotzeko, bideragarritasun ekonomikoaren eta berrikuntzaren berme baita zigilu hori.

Nola parte hartu

Ideiak bideo formatuan bidali beharko dira, selfie eran edo bideo narratibo batean bidal daitezke. Gehienez ere minutu batekoa izango da bideoa eta proiektuaren garapena edo ideiaren berezitasuna azalduko dira bertan.

Abenduaren 15a baino lehen bidali behar dira bideoak, Next Station plataformaren Facebookeko profilera.

Aurkeztutako proiektu horietatik 20 aukeratuko dira, eta hautaketa bi modutara egingo da: batetik, aditu talde batek erabakiko du beren ustez zein diren ideia onenak, eta, bestetik, jendeak gizarte-sareen bidez eman ahal izango du bere bozka. Ondoren, hiru sortzaile hautatuko dira, beka baten bidez prestakuntza jasotzeko. Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen egoitzan, BBF eraikinean (Bizkaiko Berrikuntza Faktoria) eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan jasoko dute prestakuntza hori. Hiru horietako bat izango da lehiaketaren irabazlea, eta bere seriearen denboraldi oso bat grabatuko duena.

ETB, Netflix edota HBO

2018an ekoitzi eta filmatuko da seriea, ETBn emango da. Horretaz gain, nazioarteko hainbat merkatutara bideratuko da VOD plataformei saltzeko, hala nola Netflixi eta HBOri.

Next Station plataformaren eragileak

Plataforma publiko-pribatu hau talentu berrien alde ari da apustu egiten, eta komunikazio- eta informazio-teknologien goraldiarekin puri-purian diren ikus-entzunezko formatuak ari da bultzatzen. Proiektu horretan hainbat eragile dabiltza lanean: EIKEN (Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterra), EITB eta hiru euskal ekoizpen-etxe (Media Attack, Develop Hub eta J.O.K. films). Laguntzaileak, berriz, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza eta Mondragon Unibertsitatea dira.

EITB eta EIKEN gidari direlaEuskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreko hiru gazte ekintzaile elkartu dira formatu berrien laborategi hau martxan jartzeko: Diego Urruchi, Media Attack transmedia-agentziaren sortzailea; Elbio A. Nielsen, Develop HUB komunitatearen sortzailea eta presidentea (ikus-entzunezko proiektu berritzaileak bultzatzen ditu komunitate horrek eta sektoreko hainbat profesional biltzea lortu du arrakasta handiz) eta berrikuntza masterraren koordinatzailea; eta Jokin Etcheverria, J.O.K films etxearen sortzailea, eta Pirinioen bi aldeetako hainbat mediotan zinema ekoizlea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa