150 panpin izango dira tonbolan

Ubane Madera 2017ko aza. 28a, 16:08

Soraluzeko boluntario batzuk panpinendako jantziak egiten.

Aurten tokatzen da Misio Taldeak bi urtetik behin antolatzen duen tonbola, panpinak protagonista dituena. Hain zuzen ere, abenduaren 14an hasiko dira txartelak saltzen. Hori horrela, datozen egunotan, Santa Ana kaleko lehengo ferreteriaren erakusleihoa dotore jantzitako panpinez beteko da. Aurten, 150 panpina izango dira opari. Eta tonbolaren bitartez batutako dirua Dominikar Errepublikara bideratuko dute.

“Egunotan muntatuko dugu erakusleihoa; tonbola baino 15 egun lehenago saiatuko gara gertu izaten”, jakinarazi dute Misio taldetik.

Tonbolari berari dagokionez, abenduaren 14rako izango dute gertu. Eta ohi duten moduan, egun berean, arratsaldean Kontzejupean egongo dira Misio taldeko boluntarioak eta laguntzaileak txartelak saltzen, euro baten truke bakoitza, agortu arte.

Txartel salmenta

Eta beste urte batzuetako esperientziak erakusten du bizkor ibili behar izaten dela txartelak eskuratu nahi izanez gero, “jendearen parte hartzea handia da, nahiko arin saltzen dira, batez ere, panpinak tokatu arte”, diote. Gainontzean, ordutegia honakoa da: lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara; zapatuan, 11:00etatik 13:00etara eta domekan, 12:00etatik 14:00etara.  

Boluntarioei esker

Tonbolako opariei dagokienez, panpinak nagusi, aurten 150 halako eskuratzeko aukera izango da, orain dela bi urteko tonbolan baino gehiago. Eta ohi duten moduan, panpinen jantziak boluntarioek egindakoak izango dira. Ingurukoak, guztiak ere: Eibar, Bergara, Elgoibar, Arrasate… “Eibarren, adibidez, bada emakume bat jantzi piloa egin duena. Soraluzen, berriz, antolatu dugu tailer moduko bat, eta hilean behin elkartu gara bertan josteko. Etxera lana  eraman beharrean, taldean elkartu eta askoz errazago egiten da, ze batzuk gainera ez dakigu halakoak egiten. Hilean behin elkartzen ibili gara, Aste Santuaz geroztik edo. Dozena erdi bat lagun ibili gara. Bestalde, panpinetatik aparte bestelako opariak ere egongo dira tonbolan, dendariek, tabernariek, eta herritarrek ematen dituztenak, baina izan behar da estreinatu bakoa, zerbait berria”, esplikatu dute Misio Taldetik.

10 urte

Panpinak ekarri, berriz, Alacantetik ekartzen dituzte Soraluzera. “Badago han fabrika bat halako panpinak egiten dituena. Eibartarrek panpinen tonbolak antolatzen dituzte, gu baino lehenago hasi ziren, eta hala animatu ginen gu; haiek komentatu ziguten Alacantetik ekartzen dituztela”, esplikatu dute Misio taldekoak.

Orain dela 10 urte hasi ziren panpinen tonbola egiten Soraluzen, bi urtetik behin egiten dutena. “Lan piloa izaten da; tonbola bukatu ondoren hasten gara hurrengoa prestatzen; eta urtero eginez gero, akaso, jendea aspertu ere egingo litzateke”, dio Garatek.

Mediku kontsultara 

Gainera, tonbolan batutako dirua oinarrizko beharrak dituzten komunitateetara bideratu ohi du Misio taldeak. Proiektuak urtero dira desberdinak. Aurten, Dominikar Errepublikara bideratuko dute laguntasuna, Santo Domingoko Karitatezko Mesedeetako kongregaziora. Eta kongregazioko mojek bertako mediku kontsultarako baliatuko dute, La Lima izeneko zerbitzu medikurako. Zazpi profesionalek dihardute bertan lanean, bereziki, umeei arreta ematen. Eta laborategia ezarri nahi dute, gaixoen diagnostikoak hobetzeko eta baliabide ekonomiko gutxi duten pertsonei kalitatezko arreta emateko.  Oro har, 5.790 bizilagun dituen komunitateari nahi zaio eman zerbitzua. Azpiegitura oso eskasak dituzte bertan; adibidez, ez dute edateko urik; egurrezko etxeetan bizi dira, zink-ez egindako teilatuak dituztenak. Laborategia ezartzeko 6.539,98 euro behar dituzte.