“Ederra izan da”

Ubane Madera 2017ko aza. 27a, 11:58

Gustura asko etxeratu zen jendea zapatu gauean, Ezoziko Ama Abesbatzaren 25. urteurreneko kontzertuaren ostean. Aretoan bertan “bravo!-ak” eta txalo zaparradak ugariak izan ziren; eta bukaeran, “edeeeeerra izan da” moduko laudorioak partekatu zituzten bertaratu ziren herritarrek. Aretoa, noski, lepo. Jarleku gehigarriak ipinita ere, izan zen lurrean eserita egon zenik ere.

Zapatu gaueko kontzertu berezia gure artean “ez dauden korukideei” dedikatu ondoren, kantuan taularatu ziren Ezoziko Ama Abesbatza osatzen duten kideak kontzertu hasieran, baserritar jantzita. Halaxe interpretatu zituzten euskal folkloreko kantuak, ezagun askoak: Axuri beltza, Maitetxu mia, Gaur Akelarre… azken hori koreografia eta bakarkako bi kantaldi eta guzti. Ikusleek txalo zaparrada luzeekin eskertu zizkieten kantuak.

Lehengo kideak

Entzuleen artean, aurrenengo jarlekuetan, abesbatzako kide izan direnek adi-adi segitu zioten kantaldiari. Beltz jantzita, dotore, eta batzuk urduri ere bai, taulara igotzeko txandaren zain izan ziren, harik eta obra polifonikoen zatia amaitu arte.

Bigarren zati horretarako, hain justu, beltz jantzi ziren, baita ere, abesbatzako oraingo kantariak, eta modu horretan, lehengo eta oraingo kideak taulara igo zirenean abesbatza bakar itxura eman zuten. Abesbatza handia.

Ordubete pasatxoko iraupena izan zuen kontzertu bereziak. Motza, ikusle askorendako. “Gu beti etortzen gara, kontzertu guztietara etorri gara orain arte”, adierazi zuten batek baino gehiagok, abesbatzak duen jarraitzaile fidelen erakusle.

170 lagunetik gora

Izan ere, zapatuko kontzertua halakoxea izan zen: jendetsua. 170 lagunetik gora elkartu zen antzokian, nagusiak, helduak, gazteak, eta baita umeak ere.

Guztiek ere zutik amaitu zuten kantaldia; ikuskizunari amaiera eman zion Agur Jaunak kantuarekin bat eginez. Aretoa lepo, eta une horretan, taula-gaina bera ere bai, abesbatzako lehengo eta oraingo 60 bat kiderekin. “Pena handia da orain abesbatza murrizten joatea”; hori ere entzun zen ikusleen artean.

Kide berriei gonbita

Kontuak kontu, kantaldia ederki amaituta, oroitzapenerako argazkia atera zuten guztiek elkarrekin Txurrukara afaltzera joan aurretik. Argazki betea. Batek daki, kontzertuaren aurkezpenean egindako gonbita aintzat hartu, eta akaso etorkizunean Ezoziko Ama Abesbatzak erakutsiko duen erretratuaren aurrekari, kide berriak pozik eta gustura hartuko dituztela ere azpimarratu zuten hasieran-eta. 

Erlazionatuak