Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! leloarekin deitu dute eguenerako greba sindikatuek, bestelako mobilizazioekin batera. “Udazken beroa” iragarrita, eta azaroan “haur-eskoletako, sukalde eta garbiketako eta heziketa bereziko lankideek egindako borrokari lekukoa hartuz”, gaurtik, azaroaren 27tik Borroka Asteari ekingo diotela jakinarazi dute.
Eta Borroka Aste horren barruan deitu dute eguenerako greba, eta baita manifestazioak ere, 12:00etan hasiko direnak, hiriburuetan: Bilbon, Gran Via 85ean; Gasteizen, Bilbo Plazan eta Donostian, Bulebarrean.
Eskaerak
Mobilizazioak deitzeko eskaerak esplikatu dituzte sindikatuek; laburbilduz, honako hauek:
- Hezkuntzako inbertsioa handitzea
- Ordezkapenak lehen egunetik egitea
- Bajak zigor-gabetzea
- Ratioak txikitzea, eta lan-taldeak handitzea
- Langileak egonkortzea, eta ondorioz, zentroak ere bai
- Eta erretiroa laguntzeko neurriak berreskuratzea
Gabezien adibideak
Eskaerak berresteko, berriz, hainbat adibide helarazi dituzte, galdera eran:
“Badakizu Lehen Hezkuntzan irakasle bat gaixotzen denean ordezkoa 4. egunetik aurrera bidaltzen dutela, eta Bigarren hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan astebete pasatuta?”
Edo, badakizu gela bakoitzean gero eta ikasle gehiago egonik irakasle kopurua ez dela igo maila berean eta, ondorioz, jarraipen pertsonala egitea gero eta zailagoa dela, gainera, eskolako proiektuetarako ordu kredituak (agenda21, elkarbizitza, IKT, liburutegia, e.a.) murriztu eta kasu askotan desagertu direla?”
10 irakasletik 4 behin-behinekoak
Adibide gehiago ere eman dituzte: “Badakizu 10 irakasletik 4 behin-behinekoak direla eta urtero aldaketa handiak daudela lan-taldeetan?”
Edo, “badakizu gure ikasleen ebaluazioa Madrildik eta LOMCEren arabera zehazten dutela? Badakizu egungo hizkuntz ereduen bitartez ez direla ikasle guztiak euskalduntzen?… eta galdera sorta zabalarekin jarrai genezake”, diote.