"Afizioa eta musika gustatzea beharrezko dira honetan aritzeko"

Ubane Madera 2017ko aza. 25a, 12:00

Jose Felix Azarate, 'Xarra'

Jose Felix Azkarate Xarra (Eibar, 1957) da Gaztelupeko Hotsak diskoetxe-argitaletxeko arduradunetako bat. Gainean dugun Durangoko Azokara uzta oparoa eraman behar dute aurten. "Guk, normalean, gustatzen zaigun musika publikatzen dugu. Baina jakina, ekonomia ere zaindu egin behar da”, adierazi du, besteak beste.

Lanpetuta ibiltzeko sasoia da zuentzat, ezta?

Bai, Durangoko Azoka, urte amaierarekin eta horrelakoekin.

Beraz, disko asko eramango dituzue Durangora?

Egia esan, nahikoa gauza. Gaztelupeko Hotsak zigilutik : Joseba Tapiaren Besamotzak diskoa. Bertan, trikitilariak gitarra elektrikoa jotzen du. Tapia aitzindariaren beste aurrerapauso bat. Xabier Montoiaren disko berria, Hertzainak-en, M-ak-en kantari ohiak sei urtean argitaratu barik egon eta gero. Pianoa eta soka laukotearekin kantu ederrak grabatu ditu. Disko heldua egin du. Mugaldekoak taldearen hirugarrena ere bai. Berako uzta da, poesia eta rocka uztartzen duena.  Hibai Etxebarriarena baita ere, Gernikako harrobitik irtendako konposatzaile, musikaria eta kantariarena. 30 musikarik hartu dute parte. Larrepetit talde berriaren lehen diskoa (tartean Igor Arzuaga eta Danba taldeko kide ohiak) Nando de la Casa Mugalari ohiarekin grabatu dute. Biniloan argitaratuko dugu.

Eta gainontzeko bi alorretan?

Auto-ekoizpenaren atalean, Igor Arzuaga kantariaren disko berria eta Zamarra eta Aterkia talde nafarraren estreinaldia .

Errabal  jazz zigiluarekin: Ander Garciaren hirugarren diskoan  bertako doinuak hartu ditu oinarri inprobisatzerakoan. Trizak hirukoarena: Hasier Oleaga, Julen Izarra eta Jon Pirisek landutakoa. Baita Kike Mora, Korrontzi taldeko baxulariaren bigarrena ere, jazz-fussion arloan.

Zuen aurkezpenean diozue ez zaretela ez musikagintzaren funtzionario ez kulturaren saltzaile, topaleku musikala baizik…

Afizioz hasi eta profesionalizatzen joan ginen, halabeharrez, zerbait serioa landu ahal izateko. Baina uste dut afizioa eta musika gustatzea beharrezko direla honetan aritzeko. Guk, normalean, gustatzen zaigun musika publikatzen dugu. Baina jakina, ekonomia ere zaindu egin behar da.

Badiozue, baita ere, mezu aurrerazalea eman nahi duzuela. Zein da mezu hori

Laster hogeita bost urte izango dira honekin hasi ginela eta bidean idazleekin harremanak izatea ere suertatu zaigu. Ildo horretan, pentsatzen dugu gauza bat dela kantatzea eta beste gauza bat edozer kantatzea. Zer kantatzen den uste dut kontuan hartzekoa dela. Liburuekiko zaletasuna izanda, argitaratu ere egin ditugu, musikarekin lotutako batzuk.

Kontzertuetan, adibidez, saltzen dira diskoak baina dendetakoa asko jaitsi da, baita denda kopurua ere. Egia esan, jendearen ohiturak aldatu egin dira: lehen LP bat erosi eta aste guztia ematen zenuen disko horretako kantuak entzuten. Orain, berriz, gazte batek milaka kantu eduki dezake poltsikoan. Inoiz baino musika gehiago dago, baina kasu gutxiago egiten zaio musikari. Horrez gain industria musikala jausi egin da,  trantsizio garaian gaude, euskarriak ere aldatzen… Guk internetez ere saltzen dugu. Euskal Herriaz gain, Espainian saltzen ditugu blues eta jazz diskoak, eta Frantziatik, Alemaniatik edo Japoniatik… ere tartean eskatzen dizkigute. Baina salmenta fisikoa asko jaitsi da.

Jazz-ak zuenean badu aparteko presentzia, Errabal zigiluarekin; zuek kaleratutako lehen diskoa, berriz, blues disko bat izan zen. Zela izan zen hura?

Ñaco Goñi tabernan jotzen zegoela gaueko ordu txikietan, lau lagunen artean komentatu genuen: zer, jarriko dugu dirua disko bat egiteko honi? Eta horrela hasi zen kontua. Gero Morau, Tapia, Txuma eta horrelakoak etorriko ziren baina bluesa beti egon da gure gustuetan, urtero kaleratzen ditugu estilo horretakoak. Jazza, berriz, nire kontua da. Gaztetxean eta Gaztelupen ere antolatzen genituen jazz kontzertuak eta  pentsatu nuen aparteko zerbait izan behar zela hau: jazzari bakarrik eskainitako zigilua (Errabal). Eta ja 95 erreferentzia doaz.

Ez dira halako asko egongo…

Euskal Herrian gu bakarrik eta inguruetan Bartzelonan pare bat, Galizian bat… jazzari bakarrik emanda gutxi.

Zeintzuk dira 10 urteotarako dituzuen lehentasunak?

Badugu datorren urtean sorta berri batekin hasteko asmoa. Binaka kantu argitaratu digitalean eta biniloko singlean. “Lokatzetan Play” izeneko saila. Bestela lasai bizi, gustatzen zaiguna argitaratu eta ondo konpontzen garen jendearekin moldatu. Berez, diskogintzatik gaitza da ja etekina ateratzea; handiak ere hala-moduz dabiltza. Eta sufritzeko ez gaude munduan, disfrutatzeko bai.

Musikak zelako bilakaera izan du diskoetxearen sorreratik hona?

Nahiz eta , katalogo batean egoteko edo diskoetxetara bueltatzeko joera txikia badagoen, auto-ekoizpenaren tendentzia da datu inportante bat.. Dena den,  Euskal Herrian musikagintza osasuntsu dago. Denetik egiten da, estilo guztiak jorratzen dira. Eta eskema zaharrak errepikatzeko joera nagusia izanda ere,  urtero ateratzen dira disko, kantu eta proposamen  interesgarriak. Hala bedi!