Argazkilarien topaleku izango da Soraluze bihar, domeka

Ubane Madera 2017ko aza. 18a, 10:33
Iazko rallyko argazki bat.

Barakaldoko, Donostiako, Altsasuko, Azpeitiako… 30 argazkilaritik gora espero dira, bihar, domeka, Soraluzen. Kontrargi Argazkilaritza Kolektiboak antolatutako argazki rallyaren XXIX. edizioa jokatuko dute orduan. Eta egunean bertan emandako gaia edo motiboa oinarri, argazkiak ateratzen jardungo dute, 14:00ak arte. 

Argazki rallyan parte hartzeko izena bihar bertan eman behar da, Kontrargik elkarteak Etxaburueta kaleko 3. Zenbakian duen lokalean. Bi mailatan lehiatu ahalko da: 14 urtera bitartekoen mailan (bost euro) eta hortik gorakoen mailan (hamar euro).

Izena eman, eta orduantxe jakinaraziko diete lehiakideei zeri buruzko argazkiak onartuko dituzten argazki rallyan, lehiarako. Izan ere, Herriz Herri izeneko txapelketarako puntuagarria izango da biharko jarduna.

Astebete aukeratzeko

Behin argazkiak aterata, argazkilari bakoitzak etxera eramango du ateratako argazki bilduma eta astebeteko epea izango du lehiaketara zer aurkeztuko duen erabakitzeko.

Onena zein den, berriz, Irun, Donostia eta Azpeitiko elkarteetako kideek erabakiko dute, eurak dira-eta, Soraluzeko lehiaketarako epaileak, Mikel Valerok Kontrargi elkarteko kideak esplikatutako moduan.

35-38 lagun inguru

Beste urte batzuetan 35-38 lagun inguruk parte hartu izan du Soraluzeko argazki rallyan, “30 baldin badatoz, gu pozik”, azpimarratu du Velerok.

Soraluzekoa eginda, Irunen dute Herriz Herri lehiaketako azkeneko hitzordua. Hori hurrengo domekan izango da, azaroaren 26an, hain justu.

10 udalerri

Txapelketa horretan, Soraluzeko elkarteaz gainera, honako udalerriek ere parte hartzen dute: Azpeitia, Donostia, Irun, Barakaldo, Eibar, Ataun Altsasu, Zumaia eta Zarautz.