Bi ahizparen arteko kontu askatzea, 'Koadernoa Zuri' antzezlanaren bitartez

Ubane Madera 2017ko aza. 17a, 09:30

“Begoña eta Arrate ahizpak dira. Hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean”. Ezusteko hori eta amaren heriotza berria tarteko, bi ahizpek elkarri kontuak askatzen dizkiote. Laburbilduz, horixe da gaur 22:15ean Herriko Antzokian Hika teatroak taularatuko duen istorioa. 

“Begoña Afrikan bizi izan da urte askoz. Amarengandik ihesi joan zen. Ekaitz-egun beldurgarri batez, abortu baten ondorioz, bizia hankartetik zihoakiola konturatu zenean.

Arrate, aldiz, etxean geratu zen amaren itzalean. Lanbidez, famili medikua da eta itxura batez bizimodu zoriontsua dauka. Ezkonduta dago eta bi alaben ama da.

Bi ahizpak aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi dakite amak batengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen. Nahikoa lan bizitzen”.

Ituño, Gojenola eta Intxaurraga

Istorio hori kontatuko du gaur Hika teatroak Soraluzen. Hain justu, antzezlan horren egileak Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga dira; aktoreak, berriz,  Itziar Ituño, Miren Gojenola eta  Agurtzane Intxaurraga. Eta azken horren, Intxaurragaren zuzendaritzapean jardungo dute guztiek ere.

Soraluzeko Udalari esker, gure irakurleen artean bi sarrera bikoitz zozketatuko ditugu. Bada horiek zeini egokitu zaizkion eguerdian jakinaraziko dugu.