Dragoia, manta magikoa eta beste, domekan igerilekuan

Ubane Madera 2017ko aza. 16a, 15:26
Txirristadun dragoia.

Domekan umeendako ekitaldiak izango dira Soraluzen. Batetik, eguerdi partean, tailerrak izango dira, Plaza Zaharrean. Eta bestetik, arratsaldean, uretako puzgarri erraldoiak izango dira, igerilekuan. Azaroaren 20ko Haurren Nazioarteko Egunaren harira antolatu ditu Soraluzeko Udalak ekimen horiek, lehen aldiz.

12:00etatik 14:00etara da domekan egin duten lehen proposamena: figura ekologikoak, txapak eta bitxiak egiteko tailerrak izango dira Plaza Zaharrean. Eta horren bueltan Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena banatuko dute, besteak beste.

Umeen txandak

Arratsaldean, berriz, igerilekuan puzgarriak ipiniko dituzte, eta umeak adinka banatuta, 16:00etan hasi eta 20:00ak arte, bertan jolasean ibiltzeko aukera izango da.

Hain justu, honako ordutegiak zehaztu dituzte arratsalderako:

  • 4-5 urteko haurrak: 16:00 – 17:00
  • 6-7 urteko haurrak: 17:00 – 18:00
  • 8-9 urteko haurrak: 18:00 – 19:00
  • 10-11 urteko haurrak: 19:00 – 20:00

Igerilekurako baldintzak

Puzgarrietara joateko derrigorrezkoa izango da igeri egiten jakitea edo mangitoak eramatea. Baita txanoa ere. Eta ume txikiei janzten eta eranzten laguntzeko gurasoak aldageletara sartu ahalko dira. Igerileku barruan, berriz, begiraleak arduratuko dira umeez, eta jakina, soroslea ere bertan izango da.

Dragoia, manta magikoa... 

Puzgarriei dagokienez, berriz, lau halako ekarriko dituzte: dragoi bat, txirristaduna; gainean ibiltzeko beste puzgarri bat; manta magikoa eta bi bola handi, barruan sartu ahal izateko. “Ez dira gehiago kabitzen”, diote Udaletik, beraz, puzgarriak handi askoak izango dira. Aupa Kultur Lanak enpresak ekarriko ditu.

Umeendako egun propioa 

“Pentsatu zitzaigun Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko egun polita izan daitekeela. Soraluzen ez dago umeendako egun berezirik, eta hortik ideia. Halako zerbait antolatzen dugun lehen aldia da; herritarrek gustura hartzen badute, datorren urtean errepikatu egingo dugu”, adierazi du Patricia Borinagak, Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeko zinegotziak.

'Itsulapiko solidarioa' 

Umeendako eurendako egun berezia izateaz aparte, elkartasuna adierazteko ere baliatuko dituzte domekako ekimenak. Izan ere, eta berez parte hartzea doan izan arren, itsulapiko solidarioa ipiniko dute, ekarpen ekonomiko boluntarioak jasotzeko. Batzen dutena UNICEFi bideratuko diote.