Argiztapen neurriak hartu dituzte Hirukurutzetako biribilguneko obra-gunean

Ubane Madera 2017ko aza. 16a, 09:49
Hirukurutzetako obrak, atzo, eguaztena.

Badoaz aurrera Hirukurutzetan biribilgunea eraikitzeko obrak. Zirkulaziorako bide alternatiboa egokitu dute, ibai aldera, eta mendia jaten hasi dira, biribilguneari lekua egiteko. Bestalde, obra-gunea argiztatzeko neurriak hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Soraluzeko Udalak horrela eskatuta.

“Obra ingurua ilunegi zegoela jakinarazi zidaten eta eguenean Diputazioko Bide Azpiegituretako arduradunekin harremanetan jarri nintzen, hori jakinarazteko; eta esan zuten hartuko zituztela beharrezko neurriak. Ingurua ilunegi zegoen herritar berberak adierazi dit dagoeneko argiztatuta dagoela inguru hura”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.

36 metroko biribilgunea

Argiztatuta egoteaz aparte, 36 metroko biribilgunea eraikitzeko obra-gunean aldaketa nabarmenak ikus daitezke egunotan, bereziki, mendiari zatia jaten hasi direlako eta zirkulazioa bide alternatibotik desbideratuta dagoelako, ibai aldera zegoen espazioa baliatuta.

Urriaren hasieran hasi ziren obrak egiten, urte amaierarako bukatuta izateko helburuarekin. 465.235,26 euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak azpiegitura horretan; Excavaciones Peru enpresak egiten dihardu obrak.