Ikasteko ikasgela egokia zabaltzeko asmoa

Ubane Madera 2017ko aza. 14a, 09:16

Gaztea ikasten.

Unibertsitateko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleentzako ikasgela bat zabaltzeko aukera ari da aztertzen udala; egitasmoa aurkeztu eta egon daitekeen interesa ikusteko bilera irekia egingo da interesdunekin, barikuan, 19:00etan.

 

Soraluzeko Udala herrian ikasgela bat zabaltzeko aukera ari da aztertzen, unibertsitateko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek ikasteko toki egokia izan dezaten.

Asko dira azkenaldian era honetako ikasgelak zabaltzen ari diren udalak eta denek ere oso harrera ona izan dute ikasleen aldetik.

Ikasleen iritzia jakin nahian

Udalak, hainbat udalerritako proiektuak aztertu ostean, herrian ikasgela zabaltzeko asmoa erakutsi du, baldin eta herritarren artean interesik balego.

Herriko ikasleei proiektua aurkeztu eta egon litekeen interesa edo beharra ikusteko bilera irekia antolatu da datorren ostiralerako, azaroak 17, arratsaldeko 7etan, udaletxeko saio aretoan.

Bilera horretara unibertsitate mailako zein goi mailako heziketa zikloetako ikasketak egiten diharduten ikasle guztiak gonbidatu ditu udalak, ezertan hasi aurretik euren iritzia ezagutu nahian.