Abenduaren 11tik 21era bitartean ipiniko dituzte edukiontzi grisak Soraluzen

Ubane Madera 2017ko aza. 13a, 09:52

Edukiontziak, Zubi Nagusian.

Errefusa batzeko edukiontziak ipiniko dituzte Soraluzen. Gris kolorekoak dira eta txip bitartez funtzionatuko dute. Abenduaren erdialdean ekarriko dituzte. Oro har, Debabarrena osoan ezarriko ditu halako edukiontziak bertako mankomunitateak. 

Eibarren hasi, Elgoibarren segi eta edukiontzi grisak ipiniko dituen Debabarreneko hirugarren udalerria izango da Soraluze. Hemengo kasuan, abenduaren 11tik 21era bitartean ekarriko dituzte edukiontzi berriak, eta egun batzuk lehenago herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko kanpaina egingo dute.

Gutuna eta bulegoa

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatetik jakinarazitakoaren arabera, “organikoaren edukiontziaren erabiltzaile guztiek gutun bat jasoko dute gaikako bilketari buruzko informazioarekin, eta organikoaren bilketan izena emanda ez dauden herritarrak gonbidatu egingo ditugu gaikako bilketan parte hartzeko behar diren material guztiak jaso ditzaten. Gainera, arretarako bulegoak jarriko dira, edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatuak hautatzeko eta gainerako materialak jasotzeko: aireztatutako ontzia, poltsa konpostagarriak eta informazio-liburuxka. Udalerri bakoitzak bulego bat izango du, jendeari astelehenetik ostiralera eta larunbatetan ere arreta eskaintzeko. Kanpainaren barruan, doako telefono-zenbaki bat erabilgarri izango da (900 10 49 23), sortzen den zalantza oro argitzeko”.

Berdeak kendu

Behin edukiontzi grisak ipinita, berdeak, hau da, sailkatu bako hondakinak batzeko erabiltzen diren gaur egungo edukiontzi berdeak erretiratu egingo dituzte.

Grisei dagokienez, berriz, txartel bidez irekitzeko sistema izango dute, eta bertan duen txip batek herritarrek ematen dioten erabilera eta haien parte-hartze maila kontrolatuko du.

Edukiontzi grisa ipini ondoren, bost edukiontzi bitartez batuko dira hondakinak Debabarrena osoan, honela sailkatuta: edukiontzi grisa izango da errefusarendako, marroia organikoarendako, urdina paperarendako eta kartoiarendako, horia bilgarrietarako eta berdea beirarendako.

Soraluzen ipini eta gero, Mallabian, Mendaron eta Ermuan ipiniko dituzte errefusarendako edukiontziak. Izan ere, Deban eta Mutrikun dagoeneko ipinita dituzte.

328 edukiontzi, guztira

Hain justu ere, mankomunitateko ordezkarien esanetan, azken bi udalerri horietan “metatutako emaitzek babesa ematen diote udalerrietan bost edukiontziak jartzearen aldeko apustuari”. Hurrenez hurren, Deban hondakinen %55,49a eta Mutrikun %58,98a batu dituzte sailkatuta bost edukiontzien sistema baliatuta.  

Guztira, Debabarrenean 328 edukiontzi ipiniko ditu mankomunitateak, 390.190 euroko inbertsioa eginda. Helburua da  “ hondakin birziklagarriak errefusarekin ez nahastea, eta, bide batez, birziklatze-tasak hobetzea”. Izan ere, orokorrean, Europako birziklatze-alorreko helburua lortu nahi dute eskualdean, eta horretarako. 2020. urtean % 50a gainditzeko estrategia orokorra abiarazita dute.