“Polito” doa Gaztañerre eguna

Ubane Madera 2017ko aza. 11a, 14:58

Herritarrak Gaztañerre azokan.

Goiza lasai eta tarteka euritsu hasi den arren, Erregetxea jendetsu bilakatu da eguerdi partean. Ateri-uneak lagun, aspaldiko lagunak agurtu, Plazentziako produktuak ikusi eta erosi eta azokan bueltatxoa egiteko aukera izan dute bisitariek. Dotore asko jantzita aurkitu dituzte baserritarren eta artisauen postuak, batzuk 05:30ak-06:00etan muntatzen hasitakoak. Ganaduak marrumaka batzuk, besteak kaioletan, arrautza errun duenik ere izan da umeen gozamenerako. 

Ohi den moduan, Urrats Dantza Taldearen saioak erakarri du ikusle ugari Erregetxera eguerdi inguruan. Hura ikusi ondoren, baserritarrei egin zaien omenaldia, bertso saioa eta saltoki onenen sariketa ikusten geratu dira herritar eta bisitari gehienak, bai eta, azoka bera ere, taloak jateko tartea ere hartuta, zela ez.

Salmenta, "polito"

Baserritarrak eta artisauak, guztiak ere, prestutasun handiarekin egon dira saltokien atzeko parte horretan, bisitariei eta erosleei arreta ematen. “Polito, poliki baina ondo”; berba horiek baliatu dituzte, bereziki, azokako salmentak deskribatzeko.

Omenaldiari dagokionez, berriz, familiak lagunduta bertaratu dira Argateburu baserriko Begoña Ariznabareta Aizpiri eta Ilordo baserriko Martina Eguren Atxa. Norbere baserriaren marrazkia zuen  egurrez landutako lan bana eman diete biei udal ordezkariek. Ondoren, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo bertsolariek, oro har, baserriko lan isil eta nekeza goraipatu dute. Eta Aurreskuarekin bukatu dute baserritarri eskainitako aitortza.

Arizagari lehen saria

Bigarren aitortza bat ere izan da, baina, ohiturari eutsita: baserritarrek ipinitako saltokien artean onenak saritu dituzte. Honakoak izan dira: Arizagari eman diote lehen saria (tapiza); Lesarriri bigarrena (margolana) eta Goenetxetxori, berriz, hirugarrena (otarra). Debemeneko eta Soraluzeko Udaleko ordezkariak arduratu dira sariak emateaz, Iker Aldazabal alkatea tarteko.

Maite Narbaiza gogoan

Azken horrek, ekitaldia bukatu aurretik Maite Narbaiza ekarri du gogora. “Gogoratzen dut orain dela 22 urte, lehen Gaztañerre azoka antolatzen zebilela zela animatu gintuen azokan parte hartzera; ni orduan hegaztiekin nenbilen (…). Bera izan zen bere garaian Gaztañerre bultzatu, sustatu eta martxan jarri zuena”, azpimarratu du Iker Aldazabalek; bukatu aurretik Maite Narbaiza zenak egindako lana goraipatu eta eskertu egin du Soraluzeko alkateak.  

Zerratokia... eta bazkaltzera!

Eta horren ondoren, Plaza Zaharreko karpapean aranatar anaiek erakustaldia egin dute, antzinako eskuzko zerratokiena. Kaleetan eta tabernetan barrena azken bueltak egin, eta mahaiaren bueltara arrimatu dira soraluzetarrak goiz-eguerdi oparo hau bukatzeko.

 

Erlazionatuak

Dantza saio txukuna

Ubane Madera 2017 aza 11 Soraluze

Baserritarren lana goraipatuta

Ubane Madera 2017 aza 11 Soraluze