“Beharrezkoa da lubakiak iraganean utzi eta adostasuna izatea abiapuntua”

Ubane Madera 2017ko aza. 10a, 10:27

Gaur, azaroak 10, da Memoriaren Eguna. Eta ildo horretan, “giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor” zaien “egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea” abiapuntu, Adierazpen Instituzionala argitaratu du Soraluzeko Udalak. 

“Bide horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da lubakiak iraganean utzi eta adostasuna izatea abiapuntua, bai eta gai honen inguruan lubaki horietatik urteetan zehar egin den erabilera politikoa eta mediatikoa ekiditea ere. Soraluzeko udaletxean ordezkaritza dugun talde politiko guztiok konpromisoa hartu dugu lan hori egiteko, eta beraz, era diskretu eta lasaian hausnarketa prozesu batean murgilduta gabiltza”, jakinarazi dute Adierazpen Instituzionalaren bitartez.

Autokritika beharra

Bestalde, “egindako mina aitortuta” eta onartuta “giza duintasunaren eta giza eskubideen errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dagoela”, ezarri nahi dituzte “etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskatzen dituen oinarri sendoak”, jakinda, era berean, “iraganari buruzko interpretazio desberdinak” dituztela. “Minaren aitorpenean eta duintasunaren errespetuan sakontzeko, enpatiadun autokritika beharrezkoa dela uste dugu”, gaineratu dute.

Etorkizun justuagoa

Bukatzeko, itxaropenerako mezua ere partekatu dute: “Soraluzen bakea, giza-eskubideen kultura eta bizikidetza sustatzeko konpromisoa berresten dugu horrela, eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak gogoan izanik, ezberdinon arteko elkarrizketa zintzoaren bidez biktima gehiagorik egongo ez den etorkizun justuago horretatik hurbilago egongo garela da gure itxaropena”.

2010az geroztik da azaroaren 10a Memoriaren Eguna. Hain justu ere, berau aukeratu zuten Memoriaren Eguna izateko, egutegian dagoen heriotzarik gabeko egun bakarrenetariko bat delako.