80 urtetik hasi eta 100 urterainoko herrikideak elkartu dira Itxaropena Jubilatuen Etxean, urtean behin egiten duten topaketan. Nagusiena, zela ez, Inazio Ernabide, “101 urte betetzen ditut febreruan. Jarritta ondo nago, baina jaikitzen naizenean…” adierazi du, hori bai, irribarre handi batekin.
Hura bezala, 110 lagun elkartu dira bazkariaren bueltan.
Omendu bi
Aurten omenduak Juan Jose Alberdik (92 urte, abenduan) eta Maritxu Garatek (94 urte), jarleku banatan eserita, Agurra, opari ematea eta adinkide eta lagunen txalo zaparrada jaso dituzte, udal ordezkariek lagunduta.
Oparien artean, honako bertsoak eman zizkieten, dantzariek irakurri ondoren:
Maritxu Garaterendako:
Zorionak, Dolores
ta pare bat muxu.
Larogeta hamaulau ere
beteta dituzu.
Gauza bat oso garbi
izan dezakezu.
Bizitza maite duzu
eta bizitzak zu.
Eta Juan Jose Alberdirendako:
Juan Jose zurea da
adin aproposa,
badakizu bizitza
zein modutan goza.
Organu jakintsua
da zure bihotza,
goizero berritzen du
zure bizipoza
Bi bertsoak Egoitz Unamunok egindakoak dira. Kantuan eta berriketan bukatu dute eguna.