Bizilagunak: jatordua partekatuz, elkar ezagutzeko gonbitea

Erredakzioa 2017ko aza. 4a, 08:10

Bertako familiak eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari baten bueltan bildu nahi dituen egitasmoa da Bizilagunak. Bada, Soraluzen ere, datorren azaroaren 19an, 14:00k inguruan, halako bazkariak egin eta bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako etxe batean.

2012a geroztik Euskal Herriko milaka familiek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. “Bertakoa edo kanpokoa izanik, hemen bizi bazara, familia, bikote, pisukide edo lagunekin eta zure herriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu!", gonbidatu dute.

Parte hartzeko

"Begira ingurura! Herrialde ezberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu zure herriko kaleetan barrena...galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekula bertako inor ezagutu eta lagunak egiteko aukerarik izan, edo herri honi buruz gehiago jakiteko"; horixe da Bizilagunak ekimenaren mezu nagusia.

Parte hartzeko edo informazio gehiago behar izanez gero,deitu ondoko telefono zenbakiren batera  943321811/622412266, edo idatzi honako helbide honetara: sosracismobizilagunak@gmail.com