Kiroldegi gaineko zaintza eta argiteria handituko dituzte

Ubane Madera 2017ko aza. 3a, 19:04
Farolari bultza eginda, zela mugitzen den erakusten.

Pare bat kexa helarazi dizkiote hainbat herritarrek oraingo astean Udaltzaingoari: batetik, kiroldegiko paseoan zebiltzala, kiroldegi gainetik pintura bota izana salatu dute; eta bestetik, Etxaburueta kaleko farola bat egoera arriskutsuan dagoela jakinarazi dute, kili-kolo. Bi kasuetan neurriak hartu ditu dagoeneko Soraluzeko Udalak.

Kiroldegiko gertakariari buruz, zera adierazi du Iker Aldazabal alkateak: “Ez da lehenengo aldia horrelakoak gertatzen direla kiroldegi gainean egoten diren gazteekin… Denetatik botatzen dute eta ez paseora bakarrik baita errekara ere. Bestalde aurrekoan salatu genuen kiroldegi gaineko altzaritegia apurtzen edo dena graffitiz betetzen dutela”.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza

Gauzak horrela, Aldazabalek iragarri du dagoeneko neurriak hartzen hasita dela Udala: “Udalak hartu dituen neurrien artean, besteak beste,  aste honetan kiroldegi gaineko argiak pizten hasi gera gauetan. Helburua gunea argiztatzea da, horrela iluntasuna ez dute lagun izango ekintza horiek burutzeko.

Bestalde, Udaltzaingoak agindua dauka kiroldegi gainera joateko, ikusteko dena ongi dagoen eta aurretik aipaturiko gertaerak ekiditeko. Asteburuan udaltzainik ez dagoenean, Ertzaintzari pasa diogu abisua bertatik pasatzeko”, azaldu du alkateak.

Kale argia, konpontzekotan

Etxaburueta kalean, berriz, Arcelus saltokiaren parean dagoen farola kili-kolo dagoela-eta, horren gaineko abisua pasatu dio Udaltzaingoari herritar batek, kontuan hartuta, gainera, inguruan ume asko ibiltzen dela eta farola bera jausteko arriskua dagoela.

Bada, horri buruz galdetuta, alkateak esan du elektrizista dagoeneko jakinaren gainean dagoela, eta pasatuko dela konpontzera.