Begirale ikastarorako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2017ko aza. 2a, 14:56
Kukumixoren kuku-festa, aurtengo uztailean.

Umeekin eta gazteekin lan egiteko begirale ikastaroa abiarazi dute, eta bertarako izen-ematea zabalik dago, azaroaren 9ra arte. 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu ikastaroak, orain hasi eta maiatzera bitartean. Asteburuetan dira eskolak. Behin saio guztiak eginda, titulu ofiziala eskuratuko da. 

Hiru helburu ditu ikastaroak: umeekin eta gazteekin lan egiteko gai izango diren begiraleak sortzea; aisialdirako heziketan hausnarketa eta marko teoriko baten ezagupenari hasiera ematea eta ikaslea edozein ekintza programatzeko eta horren inguruko hausnarketa eta auto-kritikarako prestatzea.

Eskolak, asteburutan

Saioak asteburuetan izango dira, maiatzera bitartean,eta eskola batzuk Zarautzen izango badira ere, gehienak Plazentzian izango dira. 

Landuko diren gaien artean, berriz, honakoak daude: soziologia, heziketa astialdian, balioen hezkuntza, begirale tipologia, jolasak, sormena, udalekuak…

Titulu ofiziala

Behin ikastaroa burututa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak tramitatzen duen titulu ofiziala eskuratu ahalko da, baita Lanbidek tramitatzen duen Haur eta Gazteen aisialdirako jardueren dinamizazio profesionaltasun agiria ere.

Ikastaroa egin ahal izateko, 2018ko uztailerako 18 urte beteta izatea derrigorrezkoa da, baita DBHko titulua izatea ere.

Kukumixoko kideendako merkeago

Prezioari dagokionez, berriz, Kukumixoko bazkide direnek edo Kukumixoko kide izan nahi dutenek 265 euro ordaindu beharko dute; eta gainontzekoek, berriz, 350 euro. Izena emateko: naiara@pilpilean.eus edo 635 70 72 32. Behin ikastaroa bukatuta, praktikak egiteko aukera izango da, Kukumixon bertan.