80 urtetik gorakoen topaketa eta omenaldia

Ubane Madera 2017ko aza. 3a, 09:12
Juan Jose Alberdi eta Maritxu Garate.

Bihar, zapatua, 80 urtetik gorako pertsonen topaketa egingo dute Itxaropena Jubilatuen Elkartean. Bazkaria eta omenaldia egingo dituzte egun horren bueltan, 14:00-14:30ean hasita. Bazkariari dagokionez, elkarteko bazkide diren 80 urtetik gorako pertsonek parte hartuko dute.

Bazkariari dagokionez, 110 lagunendako lekua dago (elkarteko batzordekideak eta udal ordezkariak tarteko), eta leku guztiak beteta daude dagoeneko. Menuaz Gastronomia Vasca katering enpresa arduratuko da, Leioako Ostalaritza Eskolakoak, alegia. 

Omenaldiari dagokionez, berriz, aurten, Juan Jose Alberdi Belokiri (1925eko abenduaren 15, beraz, 92 urte beteko ditu) eta Maritxu Garateri (1923ko uztailaren 4, beraz, 94 urte bete zituen) tokatzen zaie aitortza hori jasotzea. “Txandaka egiten dugu, adinez nagusienak direnak omentzen ditugu, baina helburua da guztiak omentzea”, kontatu dute Maria Luisa Gantxegik, elkarteko presidenteak eta Luis Mari Kortabarria presidente-ordeak. Ohi duten moduan, opari bereziak emango dizkiete Alberdiri eta Garateri udal ordezkariek, bazkalostean. Hain justu, Quintanilla arduratuko da hori guztia musikaz girotzeaz.

Hurrengo hitzorduak, Gabonetan

80 urtetik gorakoen topaketa horixe da azaroan Itxaropena elkarteko bazkideek duten hitzordua. Hurrengoak abenduan izango dira, karta-joko txapelketa, Santo Tomas eguneko luntxa eta 30 otarren zozketa, besteak beste.

Guztira, 619 bazkide

Soraluzeko erretiratuen elkarteak 619 bazkide ditu gaur egun. Horien artetik, 236 dira 80 urtetik gorakoak. “Nahi duena izan daiteke bazkide, baita erretiratu ez direnak ere; horiek bazkide babesle izaten dira. Kuota ordaindu beharra dago, besterik ez: urtean 10 euro. Eta horren truke, eskubide jakin batzuk izaten dira: txangoetara joateko, elkarteko sukaldea erabiltzeko, podologo eta ile-apaintzaile zerbitzuak erabiltzeko… orokorrean, egiten diren ekintza guztietarako. Horrez gainera, elkarteko tabernako prezioak ohiko tabernenak baino merkeagoak dira, %10-%15 merkeagoak, eta horra edozein herritar etor daiteke”, esplikatu dute Itxaropena Jubilatuen Elkarteko batzordeko ordezkariek.