Luzatze-ariketak eta komiki aurkezpena, gaur Soraluzen

Ubane Madera 2017ko aza. 2a, 09:32

Herritarrak adi, luzatze-ariketen gaineko azalpenak entzuten.

Bi hitzordu daude gaur iluntzean Soraluzen: luzatze-ariketen lehen tailer praktikoa batetik (18:30ean, Itxaropena Jubilatuen Elkartean), eta bestetik, L.S.B, Ana. !El lesbicomic liburuaren aurkezpena (19:00etan, antzokian). 

Lehen ekimenari dagokionez, joan zen eguenean egin zuten luzatze-ariketen gaineko aurkezpen tailerra; herritar ugari elkartu zen azalpenak entzutera Itxaropena elkarteko aretora, eta bertan esplikatu zituzten luzatze-ariketen onurak. Ikasten elkarteak antolatuta, adinduei zuzendutako ekimena da berau.

Eguenero, 18:30ean

Gaurko saiora irakaslea bertaratuko da, luzatzeak zela egin esplikatzeko. Asmoa da gero, talde autonomoa sortu, eta euren kabuz astean behin luzatze-ariketa saioa egitea. Hitzordua eguenero izango da, 18:30ean, Itxaropenan.

Emakumeen presentzia komikietan

Bigarren hitzorduari dagokionez, berriz, L.S.B. Ana emakume lesbiana baten istorioekin osatutako komiki bilduma aurkeztuko du egileak berak, Teresa Castrok. Emakume lesbianen ezkutuko errealitatea erakutsi nahi du, besteak beste, Castrok, bederatzigarren artea izenekoa, komikia baliatuta. 19:00etatik 20:30ak bitarteko saioa egingo du herriko antzokian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.