Iluntzearekin batera, atzo martitzena, banpiro, sorgin, zombie… txikiak azaldu, herriko kaleetan barreiatu, eta saltoki, taberna eta bestelakoetan gozoki eskean ibili ziren, kalabazak eskuetan zituztela. Saltzaile-tabernari batzuek ezustean harrapatu zituzten, eta esku hutsik atera ziren gaztetxoak, beste batzuek, berriz, gozokiak gertu zituzten, eta eskuzabal partitu zituzten eskatzaileen artean. Afari bereziak ere izan ziren Animen Gauean.
Kalean gora eta kalean behera, korrika batean, kalabazak eskuetan eta galdera bat ahoan: eta orain nora joango gara eskatzera?
Horrelaxe ibili ziren atzo Soraluzeko neska-mutiko asko, beldurra eragiten zuen mozorroa soinean, koadrilatan elkartuta eta batek baino gehiagok gozokiak eskuratzeko euskarazko esaldia ere ondo ikasita zutela: Xanduli, manduli…
Kalabazak beteta
Zeramatzaten kalabazak betetzea lortu zuten askok, eta altxorra bailitzan erakusten zuten berau. Beste batzuk, gozokiak gordetzeko astirik ez, eta di-da jan zituzten.
Eta izan ziren, baita ere, Animen Gaueko afaria egin zutenak. Seme-alabekin batera, mozorroren bat jantzi eta menu berezi eta guzti prestatu zuten.