Autobusa antolatu dute herritik 155.aren kontrako manifestaziora joateko

Erredakzioa 2017ko urr. 31a, 23:15
Manifestazioaren deitzaileak.

Zapatu arratsaldean, 155.aren kontra demokrazia eta erabakitzeko eskubidea lemapean, Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute herritik. Izen-ematea zabalik dago. 

Gure Esku Dagok EH Bildu eta LABekin batera, autobusa antolatu du Bilbora joateko. Autobusa arratsaldeko 16:00etan aterako da Estaziñoko geltokitik, eta izen-ematea zabalik dago Arrano, Bolia eta Iratxon. 

Hilabete eta erdian hirugarrenez deitu dute manifestazio handi batera Kataluniako prozesua dela eta. Berriz ere Bilbon izango da, larunbatean, eta Casilla plazatik abiatuko da, 17:00etan. Espainiako Gobernuak 155.aren bidez Kataluniako autogobernua bere gain hartu izana salatuko dute, eta Kataluniako herritarren hitza eta erabakia aintzat hartzeko eskatuko dute.

Euskal Herriko alderdi politikoen eta sindikatuen ordezkaritza zabal batek egin du bat martxarekin: EH Bildu, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, CNT, ETXALDE, EHNE, Gure Esku Dago. Deitzaileek azpimarratu dute mobilizaziora batzeko aukera zabalik dagoela.