"Arratsaldeetan ere zabaltzen hasi gara"

Ubane Madera 2017ko urr. 29a, 08:10

Juan Mari Gurrutxaga, plazako postuan.

Juan Mari Gurrutxagak (Mendaro, 1958) negozioa Soraluzen zabaldu zuen orain dela 32 urte. Maite Laskurainekin eta Mariasun Akizurekin dihardu lanean. Eta joan den asteaz geroztik berrikuntza nabarmena egin du azoka plazako arrandegian: arratsaldez zabaltzen hasi da. 08:00-13:00etara eta 17:30etik 20:00etara. 

32 urte eta gero erabaki duzu arratsaldeetan ere zabaltzea, zer dela eta?

Belaunaldi berriak erakartzeko. Ze gazte jendea falta da, eta ez dago erreleburik.

Beste ohitura batzuk ditu gazte jendeak?

Bai, aldatu da zeharo,

Zer ba?

Gazte jendeak beste kultura bat dauka. Batzuk egongo dira, baina gehienek erosteko beste modu bat dute. Internetez, edo zentro handietara autoarekin joan, karga guztia hartu eta etxera.

Ordutegi berriaren estreinaldia egin duzu dagoeneko, zela ikusi duzu egoera?

Flojo. Baina hori aurreikusita dago. Denboratxo bat pasatu beharko dugu ikusten. 32 urtean arratsaldez itxita egon eta gero, jendeak ohitura aldatu egin behar du. Plaza hau itxita egon da 32 urtean, eta horri buelta ezin zaio egun batetik bestera eman.

Plaza itxita, eta arratsaldez arrandegirik ez herrian…

Santa Ana kalean Iñarrak itxi zuenetik ez da egon, ez.

Eta egoerari buelta emateko aukera ikusten duzu?

Oso nekeza izango da. Ze ohiturak aldatu egin dira.

Ze ordutegi duzu?

08:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara.

Badira ordu batzuk…

Ba pentsa, 04:00etan hasi eta 20:00ak arte… luze egiten da. Bost egunean zabaltzen dugu arrandegia, horietatik lautan arratsaldez. Neskek bi egunez zabaltzen dute eta neuk lau egunez (arratsaldetik). Goizez danok gaude.

Eta horrenbesterako lanik badago?

Ez dakigu, baina hasieran egon egin behar. Gero ikusiko dugu, akaso arratsaldetan lau egunez zabaldu beharrean, astean bi egunez zabalduko dugu… baina hori joango gara ikusten. Probak egin behar dira. Ze gainera, aldatu egin dira joerak. Guretzat orain egunik gogorrena martitzena da. Eta orain dela 20 urte, berriz, barikua eta zapatua izaten ziren… Hori zeharo aldatu egin da. Kalean ere, jendea gehiago egoten da pintxoak jaten… Adibidez, pintxo-potean dabilena ez doa etxera afaltzera, eta halako kontuak igarri egiten dira. Edo jaunartze, bataio… ospakizunak lehen elkarteetan egiten ziren. Eta orain ez.

Orokorrean, zelakoak dira Plazentziako bezeroak?

Onak, oso onak. Belaunaldi berriak ez datozela da kontua.

Haiei zer esango zenieke?

Has daitezela arraina jaten, osasuntsua dela, berau da, nire ustez, elikagairik osasuntsuena.

Nondik ekartzen duzu arraina?

Ondarrutik eta MercaBilbaotik.

Zerorrek?

Bai, 04:00etan joaten naiz.