Berritasunekin, indartsu dator Aspanogiren aldeko jaia

Ubane Madera 2017ko urr. 19a, 11:12
Iazko jaia, Etxaburueta kalean.

Bigarren urtez egingo dute Aspanogiren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen aldeko jaia Soraluzen. Aurten, gainera, iluntzeko bokadillo erraldoiaz gainera, jolasak eta patata tortillen lehiaketa ere izango da, eguerdi partean. 

Bolia, Arrano eta Intxixu tabernek eta Mendizabal okindegiak antolatuta, 11:00etan hasiko da jaia Etxaburueta kalean. “Aurten 11:00etatik 12:00etara gauza gehiago egitea pentsatu dugu: umeendako jolasak, patata tortilla lehiaketa, Iñarrak txorizo batzuk eman ditu eta salduko ditugu, 1.000 txartel aterako dira otarra zozketatzeko… hau guztiau antolatu dugu elkartearendako diru gehiago lortzeko helburuarekin. Hori guztia lehen aldiz egingo dugu”, esplikatu du Mireia Gabilondok, antolatzaileetako bat den Bolia tabernakoak.

Patata tortilla lehiaketarako izen-ematea bihar, barikua bukatuko da. Beraz, interesa izanez gero, bizkor ibiltzea komeni. Izena eman daiteke Arranon, Bolian zein Intxixun.

Bokadilloan ere berritasunak

Eguerdikoaz aparte, baina, ez da faltako iaz horrenbesteko arrakasta izan zuen bokadillo erraldoia, Mendizabal okindegiaren eskutik etorriko dena. “Demaseko arrakasta izan zuen horrek iaz, ematen zuen Plazentziako jaiak zirela”, esan du Gabilondok, aurreratuaz aurtengo bokadilloa ere desberdina izango dela.

Horrekin guztiarekin batera, Aspanogi elkarteko ordezkariek postua ipiniko dute, kamisetak-eta saltzen.

Eta bukatzeko, erromeria ere izango da, 21:00etan. 

Bi ume diagnostikatuta

“Iaz ume bakarra zegoen leuzemiaz diagnostikatuta Soraluzen, zoritxarrez, orain bigarren bat ere badago, eta diru asko behar dute, gauzak egin ahal izateko. Iaz jendeak oso ondo erantzun zuen, eta bokadillo guztia saldu zen. Eurak (Aspanogikoak) ere oso pozik joan ziren, ez zuten espero horrelako herri txiki batean horrenbesterainoko erantzunik”, kontatu du Gabilondok.