Urkuluko urtegia larrialdi egoeran

Ubane Madera 2017ko urr. 16a, 12:31

Urkuluko urtegiak erakusten duen irudia. Argazkiak: Nerea Artola.

Azken bost urteotako mailarik baxuenean dago Urkuluko urtegia, Soraluze urez hornitzen duen urtegia, alegia. Edukiera osoaren %55,57an dago une honetan. Bestela esanda, eta Gipuzkoako Urak agentziak erabiltzen dituen parametroen arabera, larrialdi egoeran dago.

25 gradutik gorako tenperaturekin eta zeruan batere laino arrasto barik joan dira azken egunak eta baita asteak ere inguru honetan. Siku, oso siku hasi da urria, eta horren ondorioak inguruko mendietan erraz antzeman daitezke. Eta jakina, baita ere Aretxabaletan dagoen Urkuluko urtegian ere. Hain zuzen, bertatik dator ura Soraluzeko etxeetako iturrietara.

Bost urteotako baxuena

Gipuzkoako Urak agentziaren azken neurketen arabera, urtegiak duen edukiera osoaren %55,57an dago Urkulu. Azken bost urteotako mailari baxuena da hori. Larrialdi egoeran dago. 2016an, sasoi honetan %66,74an zegoen; 2015ean, berriz, %70,88an; 2014an, %68,64an eta 2013an %75,86an.  

Are gehiago, aurtengo apirilean alerta egoeran sartu zen Aretxabaletako urtegia, eta harrezkero beheranzko joerari eutsi eta iraila amaieran sartu zen larrialdi egoeran.

Euri gutxi

Eguraldi adituek, gainera, euri gutxi aurreikusten dute datozen egunotarako. Euskalmetek dio martitzen iluntzean bota lezakeela zertxobait, baina Euskal Herriaren hegoaldean; eta eguaztenean baita ere, baina orduan ere hegoalde partean egingo du euri zarrasta batzuk.

Tenperaturari dagokionez, berriz, deigarriak dira izaten ari diren balore altuak. Eguaztenera arte, gainera, antzera mantenuko dira. Etzi, 19-23 graduren bueltan ibiliko dira beroenak. Egunotakoak baino baxuagoak izan arren, gauden sasoi honetarako altuak dira.