Jokin Oregi: “Bat baino gehiago berriro etorri da antzezlana ikustera, behin ikustearekin ez zuela nahikoa eta”

Erredakzioa 2017ko urr. 15a, 12:00
Jokin Oregi soraluzetarra.

"Arriaga Antzokian izan zen estreinaldia, eta berehala jabetu ginen han bazela zerbait, gure aurreikuspenak ere gainditzen zituena. Euskal Herriko hainbat plazatan ibili gara harrezkero, eta denetan jaso dugu ikusleen esker ona", kontatzen du, Jokin Oregik, berak zuzendutako Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa lanak izan duen harrerari buruz.

Zein dira antzezlan honen bertuteak?

Ezdok3 antzezlanaren bertute nagusia, oinarrizkoena, esango neuke, umorearen eta gu guztion baitan txertatuta dagoen euskal musikaren memoria historiko eta emozionalaren arteko uztarketan datza. Euskal musika altxor izugarria da, aberatsa eta emankorra. Patxo Teilleriak trebezia handiz harilkatu du umorez, eta maitasun handiz, altxor hori omentzen duen eszena ezberdinez osatutako testua.

Zer moduzko harrera izaten ari da ikusleen artean?

Sekulakoa. Bilboko Arriaga Antzokian izan zen estreinaldia, eta berehala jabetu ginen han bazela zerbait, gure aurreikuspenak ere gainditzen zituena. Euskal Herriko hainbat plazatan ibili gara harrezkero, eta denetan jaso dugu ikusleen esker ona. Oso pozgarria izaten ari da bira. Bat baino gehiago berriro etorri da antzezlana ikustera, behin ikustearekin ez zuela nahikoa eta. Hori oparia da guretzat. Leku handi zein txikietan, jendearen arreta eta emozioa jasotzea gauza handia da. Esango nuke nolabaiteko festa emozional eta konpartitu baten itxura hartu duela.

Sumatzen al da euskal antzerkiarenganako egarririk euskaldunen artean?

Galdera zaila. Ez da erreza jendearen erantzun edo irrikak neurtzea, baina bai esan dezaket asko eta asko garela (talde gazteak horren seinale ere badira), antzerki gosez ari garenak.

Gogorarazterik bai zergatik den gomendagarria antzerkira joatea?

Galdera horrek beste bat dakarkit gogora: gomendagarria da zinera joatea? Ba segun, filma on bat ikusi baduzu normala da gomendioa lagunen artean zabaltzea; eskasa bada baina, ez du zentzu handirik inolako gomendiorik egitea. Bestetik, inork ez du zalantzan jartzen irakurtzea gomendagarria denik. Eta egia da, baina liburu eskasak ere aurkitzen dira sarri. Kontua da, liburu eskas hori irakurtzeari utzi diezaiokezula traba handirik gabe. Antzerki eskas bat ikusten baduzu, zaila da antzokitik ateratzea. Agian hausnartu beharko genuke horren inguruan. Artistaren lanari errespetua zor zaiola esango du norbaitek, baina, era berean, ikusleari ere zor zaio begirune bera. Edozelan ere, eta mezu baikorra zabaltze aldera, esango nuke beti ikasten dela zerbait, beraz, ikuspegi horretatik, nik uste baietz, merezi duela antzerkira joateak. Izan ere, antzezlan eder batek, liburu eder batek bezala, barrua elikatuko dizu uste baino osasuntsuago.