Hizkuntza esperientziak elkarbanatu eta elkar ezagutzetik plazera datorrenean

Erredakzioa 2017ko urr. 13a, 17:48

Doha, Elena, Abdelatif, Maroua, Sunnan, Oskar, Yossra, Lala… eta beste hainbat herritar batu ziren atzo (eguena) Herriko Antzokian. Batzeko aitzakia: hamabi hiztunen testigantzekin grabatutako dokumentala ikustea; emaitza: hizkuntza eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko interakzio aberatsa.

Berbetarako gai interesgarria eta giro egokia batzen direnean, pertsonen arteko elkarrizketak loratu egiten dira. Hain zuen, horixe gertatu zen atzo, urriak 12, Pil-pilean Euskara Elkarteak hizkuntza aniztasunaz jarduteko antzokian antolatu zuen topaketa xumean. Hogeiren bat herritar batu ziren, hizkuntza eta kultura ezberdinetakoak, eta ordubete inguruz jardun zuten elkarren hizkuntza eta bizi-esperientzien inguruan.

Afrika, Ukrainia, Alemania...

Bideoak aitzakia ezinhobea eman zuen hizkuntzen inguruan jarduteko. Izan ere, ikus-entzunezkoan hamabi herritarren testigantzak jasotzen dira, bakoitzak bere hizkuntzan eginak: Sunam Ahmed (bangla), Lala Louchaa (hassaniera), Genye Rosangela Dos Santos (portugesa), Cheikh Ndiaye (wolof), Fatima Cherbani (tamazight), Francesco Oliveri D’angello (italiera), Cris Jakas (kataluniera), Timathee Habergger (frantsesa), Michaela Weingberg (alemaniera), Raja Abdul Nasir (urduera), Anatoli Tsyganenko (ukrainiera) eta Maimona Al Hossima (arabiera).  

Heldu zein ume

Adinez ere, askotarikoak izan ziren topaketara hurreratu ziren pertsonak. Tartean zeuden hiru neskatila: Doha, Maroua eta Yosrra, etxean arabiera, katalana eta tamazighta jaso dutenak. Hauek euskaraz jardun zuten Oskar eta Elena euskal hiztunekin, eta, euskaratik arabierarako itzulpenak egin zizkieten nagusiei. Gainerakoak, gazteleraz, arabieraz eta ingelesez funtzionatu zuten taldeetan antolatu ziren. Guztietan sumatu zen jakin-mina besteen biografia linguistikoak eta iritziak entzuteko.     

Hara hor, herrian bertan, euskararen berreskurapen prozesuaren teilapean –Auzoko egitasmoa-, beste kultura batzuetako pertsonak eta euren hizkuntzak ezagutzeko aukera ederra.

 “Bizilagunak” azaroan

Hurrengo hitzordu nagusienetakoa, Bizilagunak izeneko egitasmoaren eskutik etorriko da, azaroan. Zer proposatzen du Bizilagunak egitasmoak? Ba, norbere etxean beste kultura bateko pertsonak hartzea gonbidatu moduan, elkarrekin jatordu bat egiteko, edota, norbera joatea beste etxe batera gonbidatu moduan. Laster emango dugu informazio gehiago. 

Erlazionatuak