Haragi gisatu lehiaketa, bazkaria, bingoa, Quintanilla bazkalostea girotzen, eta jakina, lagunarteko berriketaldi aparta izan zuten atzo, martitzena, erretiratuek Itxaropena elkartean. 110 lagun pasa eseri ziren mahaiaren bueltan, Itxaropena elkarteko batzordeko kideak eta Iker Aldazabal alkatea eta Patricia Borinaga Parekidetasun zinegotzia ere lagun zituztela.
Otarra guztiendako
Haragi gisatu lehiaketak emandakoa izan zuten menuko jaki nagusi, ardoak, kafeak eta gaztak lagunduta. Hain zuzen ere, zortzi bikotek parte hartu zuten lehiaketan. Eta emaitza puntuka baloratu eta irabazleak izendatu zituzten arren, parte-hartzaile guztiei eman zizkieten otarrak alkateak eta alkate-ordeak.
Kontuak kontu, lehiaketa Valeriana Bravok eta Carmen de Castrok irabazi zuten, 23 punturekin. Bigarren izan ziren Paula Arribas eta Enkarna Arrizabala, 22 punturekin eta hirugarren, berriz, Porfi Casas eta Maria Asuncion Gosens, 15 punturekin.
Lehiaketako bikoteak
Haiekin batera haragi gisatua prestatu zuten honako bikoteek: Arantza Alberdik eta Marijose Pintok, Araceli Maiztegik eta Natalia San Josek, Teo Ruizek eta Servito Perezek, Reyes Solanak eta Maria Luisa Martinezek eta Aurelia Gonzalezek eta Antonio Martin Martinek.
Modu anonimoan
Igor Gomezek, Felipe Rasconek eta Pilar Peñinek osatu zuten lehiaketako epaimahaia. “Zaporea, testura… baloratu, eta puntuak eman dituzte. Guztia modu anonimoan, epaimahaiarendako lehiakideen kazolak nahastu egiten dira-eta, haiek ez jakiteko zein bikotek egin duen zer”, esplikatu zuen Jose Luisek, Itxaropena elkarteko batzordeko kideak.
Atzokoa eginda, urriaren 18an dute hurrengo hitzordua erretiratuek, Logroñora txangoa egiteko.