Zergak %1,8 igotzea proposatuko du Udal Gobernuak

Ubane Madera 2017ko urr. 9a, 10:54

Zubiko edukiotziak; berdeak kendu egingo dituzte.

KPIren besteko igoera izango dute udalerriko zergek datorren urtean. Horixe da Udal Gobernuaren proposamena. Bestela esanda, %1,8ko igoera orokorra proposatzen dute, bi salbuespenekin: hondakinen tasa eta kirol tasa. Azken bi horiek %8 eta %5 igoko dira, hurrenez hurren. Bihar, martitzena, landuko dute gaia, osoko bilkuran, 19:00etan.

Hondakinen tasarendako %8ko igoera proposatzeko arrazoia da zerbitzu horrek azken urteotan Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateari eragin dion “gainkarga” edo defizita ezabatzea: 37.000 euro.

Hain justu ere, gainkarga horren arrazoia da lehen urtean hondakinen tasa izoztu egin zutela, eta ondorengo bi urteotan igoera aplikatzen joan, aipatutako 37.000 euroko “gainkargari” aurre egiteko. 2018an hondakinen tasa beste %8 igota, defizit hori hutsean lagatzea lortuko dela argitu du Iker Aldazabal alkateak.

Kiroldegiko zerbitzua, lizitaziora

Kirol tasei dagokienez, berriz, horiek %5 igotzea da proposamena. Kasu horretan, bi arrazoi daude: berez zerbitzu horrek duen defizita (60.000 euro inguru urtero), gehi urte bukaeran tokatzen dela kiroldegiko zerbitzuen kudeaketa kontratatzeko lizitaziorako deia egitea. “Horrek Udalari ekarriko dio 46.000 eurotan handitzea partida. Beraz, 60.000 euro alde batetik gehi 46.000 bestetik, poltsa negatibo handia irteten da; eta horri aurre egite aldera igoko ditugu kirol tasak KPIa beharrean, %5; nahiz eta horrekin defizit osoari aurre egin ez, apur bat orekatze aldera. Ze hor zenbat eta zulo handiagoa egin, orduan eta diru gutxiago izango dugu datorren urtean inbertsioetarako”, esplikatu du alkateak.

Hori da, bada, oro har, datorren urteko ordenantza fiskalei buruz biharko osoko bilkuran landuko dutena. Ezustekorik ezean, gainera, onartu egingo da EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuaren proposamena, udalbatzan gehiengo direlako.

Errefusarendako edukiontzia

Zergez gainera, baina, bestelako puntu batzuk ere badaude osoko bilkurako gai zerrendan aurreikusita. Besteak beste, hondakinekin lotutako beste puntu bat: lankidetza hitzarmena adostea udalaren eta mankomunitatearen artean, datuak lagatzeko. “Bereziki, zabor bilketako erabiltzaileei dagozkien datuak. Zertarako? Urte bukaeran errefusa batzeko beste edukiontzi bat ipiniko delako abian. Horrek ekarriko du, besteak beste, edukiontzi berdeak kentzea. Hortaz, geldituko litzateke organikoari dagokion edukiontzi marroia (bio), txartelarekin; eta ipiniko den berria izango da errefusarendako. Hori ere txiparekin edo txartelarekin. Hori aurreikusten da urte bukaera-urte hasierarako abian jartzea”, jakinarazi du Aldazabalek.

Alkateak gaineratu du gai horren gaineko xehetasunak lotuta izan ahala, asmoa dela komunikazio plana egitea, herritarrak behar den moduan informatzeko.

Katalunia

Eta osoko bilkuran landuko diren bestelako puntuei dagokienez, berriz, taxi zerbitzua erabiltzeagatik datorren urtean %1,6 igotzea proposatu du Agitaxek, Gipuzkoako taxilarien elkarteak. Eta horixe da udalbatzarrean proposatuko dutena. Udal langileen soldatei %1eko igoera formalizatzea proposatuko dute; baita ere Atxuri kaleko 21. zenbakiko  eraikina Udalari lagapen eran ematea, eta besteak beste, EH Bildu eta EAJ alderdien artean adostutako Kataluniari buruzko mozioa landuko dute.

Hitzordua da bihar, martitzena, 19:00etan, osoko bilkuren aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.