Mingain bakoitzak bere kolorea, hizkuntza bakoitzak bere balorea

Erredakzioa 2017ko urr. 7a, 12:27

Hizkuntza Aniztasuna ikus-entzunezkoan parte hartzen duten herrikideetako batzuk.

Datorren eguenean hilak 12, 19:00etan, Soraluzeko Hizkuntza Aniztasuna izeneko bideoaren emanaldia izango da herriko antzokian. Udalerrian erabiltzen diren 20 hizkuntzatatik geurea ez den beste bat erabiltzen duten 13 lagunen lekukotasunak entzun ahal izango dira bertan. 

Frantsearekiko, wolofarekiko, banglarekiko, arabierarekiko, alemanierarekiko… bestela esanda, ama hizkuntzarekin duten harremana eta nork bere hizkuntzari ematen dion erabilera berbagai da Pil-pilean Euskara Elkarteak landutako ikus-entzunezko horretan. Hain justu, 13 herrikideren kontakizunak jaso dira bertan.

Hizkuntzen arteko zubiak

Besteak beste, haien bitartez jatorrizko hizkuntzen inguruko bizipenak konpartitu eta entzuteko tartea emango da. Hizkuntza ezberdinen arteko zubiak eraiki, Ibilbide eta bizipen ezberdinak partekatu eta oro har, hizkuntza aniztasunaren aberastasuna lantzea da ekimenaren helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.