Martitzenean, urriaren 10ean egin dute hitzordua. Itxaropena elkartearen terrazan haimak muntatu, eta haien babespean egokituko dituzte suak, lapikoak eta bestelako guztia haragi gisatu lehiaketa egiteko.
13:00etarako haragia gertu
Lehian izango dira zortzi bikote, eta lehiaketarako behar duten guztia Itxaropena elkarteko batzordeko kideek banatuko dute, guztiendako produktu berberak. Okela, 28 kilo, udalerriko lau harategietatik eramango dute; eta gainontzeko produktuak, berriz, Kooperatibatik.
10:00etan ekingo diote haragi gisatua prestatzeari, eta 13:00etarako bukatu beharko dute. Ondoren, hiru lagunez osatutako epaimahaiak aukeratuko du ze bikote izan den iaioena. Hala ere, sariak egon, parte-hartzaile guztiendako daude, Luis Felipe Galarragak, Itxaropenako batzordeko kideak esplikatu duenez: “Bikote guztiendako dago otar bana”.
Quintanilla girotzen
Behin sari banaketa eginda, lehiaketako haragi gisatua gehi elkarteko batzordeko kideek ere prestatutako dutena baliatuko dute bazkarirako. 14:00etan da bazkaria, hain zuzen, 110 lagunendakoa, gehiagorendako lekurik ez dagoelako: “Haragi gisatua, ardoa, kafea eta gazta”, da mendua, Galarragak jakinarazi duenez. Ondoren Quintanilla arduratuko da bazkalostea girotzeaz.
Txangoa ere ia beteta
Bestalde, urriaren 18rako txangoa antolatu dute, Logroñora eta Laguardiara. Eta hitzordu horretara begira ere adi ibiltzea komeni da, ze dagoeneko bete da 55 lagunendako autobusa. Bigarren bat ere izango da, 30 bat lagunendakoa, eta horren erdia ere beteta dago ja. Izena emateko, Itxaropenako batzordeko kideak martitzenetan eta eguenetan izaten dira bertan, 11:00etatik 12:00etara bitartean.