Bizilagun berriei bertakotzen laguntzeko prozesua abian

Erredakzioa 2017ko urr. 5a, 13:24

Eragileak eta dinamizatzaileak Harrera Protokoloaren lehen batzarrean, atzo, eguaztena.

Udalerrira datozen bizilagun berriak bertakoak izan eta senti daitezen Harrera Protokoloa lantzen dihardute Udalak eta Pil-pilean Euskara Elkarteak, Euskaltzaleen Topagunearen bitartez. Urte amaierarako osatuta izateko helburuarekin, herriko eragileekin lehen batzarra egin zuten atzo, eguaztena.  

Herrian ze elkarte dauden, zelako azpiegiturak, erakundeak, euskara ikasteko bideak zeintzuk diren, bertako ohiturak partekatu, jaiak, ospakizunak, Helduen Heziketa Iraunkorrak eskaintzen dizkien hezkuntza aukerak azaldu… Horren guztiaren berri eman nahi zaie Soraluzera bizitzera datozen bizilagun berriei ahalik eta modurik errazenean eta eraginkorrean herriko egunerokora eta errealitatera egokitu daitezen.

Horixe da, hain justu, Harrera Protokoloaren helburua. Eta hori osatzeko bidea abiarazi dute modu koordinatuan Soraluzen, batetik, bertako Udalak, eta bestetik, Pil-pilean Euskara Elkarteak, Euskaltzaleen Topagunearen bitartez.

Harreman sarea

Azken horiek deituta, atzo eguaztena, herriko hainbat eragilerekin batzarra egin zuten Elkartegian, Harrera Protokoloa eragileen parte-hartzearekin landu nahi dutelako. Deiari bost eragilek erantzun zioten: Helduen Heziketa Iraunkorreko ordezkariak, Misio taldeko bi kidek, herriko Hezkuntza Proiektuko koordinatzaileak, norbanako batek, eta ekimenaren dinamizatzaile diren Topaguneko zein Pil-pilean Euskara Elkarteko hiru ordezkarik.

Lehen batzar horretan harreman sarea osatzen hasita, ildo beretik egingo dute bigarrena, azaroaren 15ean. Eta bertara gonbidatuko dituzte Soraluzeko eragile guztiak, helburua delako ahalik eta parte-hartzerik handiena bultzatze aldera.