Herriko jende askok eta inguruko herrietatik etorritako beste askok (Bergara, Osintxu, Elgoibar, Eibar…) bat egin zuten zapatuan Soraluzeko kiroldegiko frontoian Orioko abeslariaren Kontzertua entzuteko. Gogor jardun zuen hark, eta bi ordutik gorako saioa eskaini zuen.
Klasikoak eta berriak
Berak esan zuen moduan “elkarrekin kantatzeko” kantu ezagun batzuk jo bazituen ere, (Zenbat gara, Nire herriko neskatxa maite, Baldorba, Jaun baruak eta abar), azken diskoko kantuak eta laster kaleratuko duen diskoko bestelako kantu mordoa ere jo zituen, “kantuok, lehenengo aldiz, publikoaren aurrean probatzeko”. Folk kantu lasaiak eta solemneak oro har, gaitzat maitasuna, natura, herria…. dauzkatenak. Lagun izan zituen musikarien maila altua, berriz, berbetagai izan zen ikusleen artean kontzertua amaitu ostean. Azken horiek zutik eta txalo zaparradarekin agurtu zuten Orioko abeslaria.