Irakurleen kluba: euskarazko literaturara gerturatzen

Ubane Madera 2017ko urr. 3a, 12:34
Euskarazko Irakurleen Klubeko kideak urriko topaketan.

Urrirako irakurri beharreko liburua eskuartean zutela, batzuk irakurritakoari buruzko apunte eta guzti, iluntzean elkartu ziren atzo, udaletxean, Euskarazko Irakurleen Klubeko kideak Arantxa Iturbe idazlearen Koadernoa Zuri liburuari buruzko solasaldia egiteko. Ordu eta laurdeneko tertulian partekatu zituzten Iturberen liburuak sorrarazitako emozioak eta inpresioak, Jasone Osoro kazetariaren, idazlearen eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariaren gidaritzapean.  

"Gehienak dira euskarazko literaturara gerturatu nahi dutenak, denak dira irakurzaleak, eta akaso euskaraz irakurtzeko ohitura handirik ez dutenak; adin ertainekoak (50 bat urte), eta emakumeak", Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) deskribatutako profil horretako kideek hartu zuten parte atzoko, astelehena, Euskarazko Irakurleen Klubeko tertulian.

Jasone Osoro: "Euskal literatura irakurtzeko beldurra kentzen saiatzen naiz"

Ekimena hasi eta berehala partekatu zituzten Koadernoa Zuri liburuak norberari eragindako inpresioak. Azken batean, horixe ere bada bi hiletik behin egiten den Euskarazko Irakurleen Klubaren helburua, taldeko dinamizatzaileak berak esandako moduan: "Euskal literatura irakurtzeko beldurra kentzen saiatzen naiz. Gaur egun badaude euskaraz ere irakurtzeko moduko liburu errazak, ez horregatik sinpleak. Eta denen artean aztertzen dugu nola liburu edo istorio bakar batek hainbeste emozio eta iritzi desberdin sor ditzakeen (…) Irakurritako liburu bati buruz, ikusitako pelikula bati buruz berba egitea da modu bat hura berriro irakurtzeko edo berriro ikusteko. Eta pasa daiteke, Koadernoa zuri irakurri duen batek hemen gaur horren gainean berba egin ostean ba igual berriro ere irakurtzea, eta beste modu batean irakurriko du", adierazi zuen Jasone Osorok.

Ipuina hurrengo

Urrirako liburua aztertuta, azaroaren 6rako egin dute hurrengo hitzordua. Ordurako ipuin liburu bat irakurtzeko proposamena egin du Elgoibarko idazleak: Uxue Alberdiren (Elgoibar, 1984) azken lana: Jenis Joplin. Eta Irakurleek Klubean parte hartzeko gonbita egin die interesa duten guztiei:"Jendeari animatzeko esango nioke, beldurra kentzeko, gainera, bi hilean behin izanda…"