Helduendako bertso eskola abiatuko dute urriaren 4an

Egoitz Unamuno 2017ko ira. 27a, 09:00
Deialdiaren kartel iragarlea.

Lehen aldiz, helduendako bertso eskola abiatuko dute herrian. Urriaren 4an egingo dute lehenengo juntadizoa.  

Udazkenarekin batera, herrian helduendako iXa Bertso Eskola ipiniko dute martxan -izena behin behinekoa ei da-, "bertsoaren bueltan elkarrekin gozatzeko" helburuarekin. Urriaren 4an, eguaztenean, arratsaldeko 19:00etan, bertso eskolaren egoitzan (AEKren lokaletan), egingo dute lehenengo juntadizoa eta bertan batzen direnek erabakiko dituzte eskolaren ezaugarriak zein izango diren: edukia, biltzeko maiztasuna, eguna eta ordua... Oraingoz, urrian hasi urte amaierara bitartean luzatuko den probaldia egitea proposatu dute deitzaileek. Eurekin harremanetan jartzeko telefonoak ondorengoak dira: 662 21 40 26 (Eneko), 605 70 60 86 (Egoitz). 

Lehen aldiz helduendako

Lehen aldia izango da herrian helduendako bertso eskola abiatuko dutena, izan ere, orain arte herrian antolatu izan diren eskolak beti gaztetxoei begira antolatu izan dira; esaterako, Ibilixan Ibilixan bertso eskola, edo Juan Mari Narbaizak, German Meabebasterretxeak eta Mariasun Alberdik gidatu zituzten eskolak.